Euskotren sozietate publikoak Traineru Kluben Elkartearekin (TKE) duen babesletza akordioa berritu du datozen lau urteetarako, eta, hala, emakumezkoen traineru liga nagusia Euskotren Liga deituko da 2028ra arte, gutxienez.
Hala, eta ildo horretatik jarraituz, akordioa ostegun honetan sinatu dute, Getarian (Gipuzkoa), Susana Garcia Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriko sailburuak eta Borja Rodrigo TKEko presidenteak.
Modu honetan, liga 2009an sortu zenetik Euskotrenek emakumezkoen arraunaren lehen mailarekin hartu zuen konpromisoari eutsi dio. Ordutik, Euskotren Ligak gora egin du etengabe, eta gaur egun zortzi talde parte hartzaile eta 16 jardunaldi ditu.
BESTE DATU BATZUK
Garcia Chuecak nabarmendu du Euskotren Ligak hasierako talde eta estropada kopuruak bikoiztu dituela. "Kirol hau eta, zehazkiago, emakumeen kirola babesten 15 urte baino gehiago eman ondoren, liga, taldeak eta kirolariak hazi egin dira eta helburu handiak lortu dituzte, besteak beste, belaunaldi gazteenentzako erreferenteak sortzea", gaineratu du.
Bestalde, Rodrigok ziurtatu du "oso egun garrantzitsua" dela TKErentzat, "akordio honi esker gure emakumezkoen ligaren jarraipena bermatzea lortu baitugu".
"Akordio honek ahalbidetzen digu TKErentzat estrategikoa den lehiaketa bati beharrezko egonkortasuna ematea beste lau urtez. Emakumeen arraunarekiko konpromisoa funtsezkoa da oraindik ere elkartearentzat eta bere bazkideentzat. Horregatik, oso pozik eta eskertuta gaude Euskotren bidelagun izaten jarraitzeagatik", esan du.