Angularen arrantza profesionala egin ahal izateko lizentzia eskatzeko epea ekainaren 30era bitartean dago zabalik Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 2025-2026 denboraldirako, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Sailak jakinarazi duenez.
Hala ezartzen du EAEn angularen arrantza profesionala arautzen eta erregistroa sortzen duen 2024ko ekainaren 18ko 77/2024 dekretuaren 4. artikuluak.
Bilboko Arrantza Egituren Zerbitzuan (944 03 14 65 eta 944 03 14 60), Donostiako Arrantza Egituren Zerbitzuan (943 02 25 75) eta Gasteizko Arrantza Antolamendurako Zerbitzuan (pesca-dec@euskadi.eus eta 945 01 82 28) jaso daiteke informazioa.
BESTE GAI BATZUK
Bestalde, Urdaibai Biosfera Erreserbak Europarc federazioaren ebaluazio bisita teknikoa jaso du aste honetan, bertan garatutako ekimen jasangarriak ikuskatzeko, Turismo Jasangarriaren Europako Gutunaren (TJEG) akreditazioa berritzeko helburuarekin.
Ziurtagiria 2020an eskuratu zen lehen aldiz Bizkaiko biosfera erreserbak, eta aitortzen du lurraldeak turismo eredu jasangarri baten aldeko konpromisoa duela, lankidetza publiko-pribatuan eta natura zein kultura ondarearen kontserbazioan oinarrituta, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren mendeko Urdaibai Biosfera Erreserbako Zerbitzutik jakinarazi dutenez.
Europarc federazioaren ebaluazio ordezkaritzaren burua Murray Ferguson izan da, eta harekin batera aritu dira Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren Zerbitzuko eta Urremendi Landa Garapenerako Elkarteko kideak.