Euskadiko Orkestrak Gustav Mahler konpositore bohemiarrarren '7. Sinfonia' handiarekin bukatuko du 2024-2025eko kontzertu denboraldia, ekitaldia "ezin hobeto" laburbiltzen duen obra delako, "gauarekin lotura estua baitu", eta azken hiletako hainbat kontzertuk izan dute harremana gaueko gaiekin.

Orkestrako iturriek jakinarazi dutenez, kontzertuak datozen egunetan izango dira ohiko lau hiriburuetan: ostiralean, maiatzaren 30ean, Donostiako Kursaal auditoriumean; ekainaren 2an, Gasteizko Jesus Guridi kontserbatorioan; 3an, Iruñeko Baluarte auditoriumean; 4an, Euskalduna Bilbao jauregian, eta ekainaren 5ean berriro Kursaal auditoriumean.

Mahlerrek 1905ean bukatu zuen '7. Sinfonia', beste sinfonia batzuen narratiba pertsonaletik urruntzen den "garaipenezko lana". Gauetik egunera bitarteko bidaia metafisiko bat proposatzen du, eta handik datorkio 'Gauaren abestia' ezizena.

Naturari buruzko sinfonia bat ere bada, Mahlerrek bi uda eman zituen-eta konposatzen Karintian, Worthersee aintziran, eta paisaia hori islatzen da. Hainbat urte geroago, konpositore bohemioak zera gogoratu zuen: "Arraunak uretan murgildu orduko, sarrerako gaia etporri zitzaidan (edo, hobeto esanda, erritmoa, atmosfera)".

Bosgarren eta seigarren sinfoniak bezala, zazpigarrena ere erabat instrumentala da, korurik, ahots bakarlaririk eta gidoi programatikorik gabea. Mahlerren lanen artean konplexuenetakoa da, eta denbora luzez gutxien ulertu denetakoa. Halere, "bere originaltasunagatik, aberastasun tinbrikoagatik eta izaera enigmatikoagatik", aitopena lortu du urteekin.

2016 eta 2024 artean Lilleko Orkestra Nazionaleko titularra izandako Alexandre Bloch zuzendari frantsesak gidatuko du Euskadiko Orkestra kontzertuotan, joan den urtarrilean euskal taldearekin debuta egin zuenetik bigarren aldiz itzuliz denboraldira.

Kontzertu guztiak 19:30ean hasiko dira, eta sarrerak salgai daude www.euskadikoorkestra.eus webgunean eta auditoriumetako leihatila eta webguneetan 10 eta 40 euro bitartean (Gasteizkorakoak izan ezik).