2015eko maiatzaren 21ean ireki ziren lehen aldiz Salburua gizarte etxeko ateak. Datorren asteazkenean, hilak 21, hamargarren urteurrena ospatzeko ekitaldiak izango dira, besteak beste, festa bat Ekialdeko parkean, erakusketa bat eta auzoaren bilakaerari buruzko ipuin bat.

Miren Fernández de Landa Gobernu Irekiko eta Gizarte Etxeetako zinegotziak adierazi duenez, “Salburua gizarte-etxearen hamar urte hauetan auzoa asko hazi da. Biztanleria 13.000 pertsonatik 21.000 ingurura igaro da, eta denbora horretan gizarte etxea inguruko biztanleek eskatzen zietenetara egokitzen joan da. Zentro zibikoa betetzear dagoen hamar urteek hobetzen jarraitzeko balio digute, betiere auzoaren beharrei erantzuteko prest”.

Libe Kortazar eta Jon Basagurenek 19:00etatik aurrera emango duten kontzertuarekin amaituko den Ekialdeko parkeko festaz gain, gizarte etxeak urteen poderioz auzoa nola aldatu den erakusten duen erakusketa bat hartuko du egunotan. Erakusketa Salburua auzoaren 20 urteko historia biltzen duen dosier batetik eta hiria ekialdetik hedatzen ari den gune horretako bizitza dinamizatzeko funtsezkoak diren hainbat pertsonari egindako elkarrizketetatik abiatuta prestatu da. Informazio horrek berak ipuin bat egiteko balio izan du. Ipuina inguruko ikastetxeetako liburutegietan eta gizarte etxeko haur eta gazte liburutegian gozatu ahal izango da.

Hilaren 21eko ekitaldiak Ekialdeko Parkean egingo dira, 17:30etik aurrera. Bertaratzen direnek honako hauek aurkituko dituzte:

Adin guztietarako tailerrak

Gymkhana

Herri kirolak

Txalaparta, jotzen ikasteko aukerarekin

Jolasak frontoian

Euskal dantzen erakustaldia eta dantza plaza

Ezusteko bisita

Zozketa kahootean parte hartzen dutenen artean, erakusketari buruzko galderekin.

Libe Kortazar eta Jon Basagurenen kontzertua