Bilboko eta New Yorkeko Guggenheim museoek martxan jarri dute Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) artistek AEBetako hirian egonaldia egiteko Basque Artist Program egitasmoaren bederatzigarren deialdia. Egonaldia urria eta azaroa bitartean egingo da, eta hautagaitzak Bilboko museoaren webgunearen bidez aurkez daitezke ekainaren 19ra arte.

Guggenheim museoko iturriek jakinarazi dutenez, izen-ematea bukatu ondoren, aurkeztutako hautagaitza eta material guztiak aztertuko dituzte bi museoetako arte ardura duten taldeek.

Basque Artist Program ekimenaren edizio berrian bi izango dira New Yorken lau astez aritzeko aukera izango duten EAEko artista hasiberriak. Han, bertatik bertara ezagutu ahal izango dute hiriko arte giroa, eta beren gaitasunak indartzeko eta helburuak finkatzeko aukera ere izango dute.

PARTE HARTZAILEAK

Parte hartzaileek New Yorkeko arte munduan murgilduta dauden artisten, arte arduradunen eta erakundeen jardunaren berri izango dute Solomon R. Guggenheim Museum-eko profesionalen eskutik, eta egonaldiko mantenu gastuei aurre egin ahal izateko 3.000 dolarreko diru laguntza jasoko du artista bakoitzak.

Gaurdaino 20 izan dira 'Basque Artist Program' ekimenean parte hartu duten artista gazteak: Karla Tobar eta Alain Urrutia (2015), Cristian Villavicencio eta Diego Vivanco (2016), Gala Knörr eta Maite Pinto (2017), Nora Aurrekoetxea eta Helena Goñi (2018), Raquel Asensi eta Jon Gorospe (2019), Alejandra Bueno, Mikel Escobales, Amaia Molinet, Beñat Krolem eta Fabro Tranchida (2022), Veronica Domingo, Jorge Isla eta Claudia Lorenzo (2023), eta Irati Inoriza eta Amaya Suberviola (2024).

Artista hasiberrientzako egonaldi programa hau eta Bilboko museoak urtero EAEko ikasleentzat antolatzen duen beka programa Guggenheim Bilbao Museoak Solomon R. Guggenheim Foundation-ekin 2014ko abenduan sinatutako kudeaketa akordioaren berritzearen parte dira; berritze horrek bi erakundeen arteko lankidetza sakontzen du hainbat proiekturen bidez.