Bilboko Udalak San Adrian auzoko Eretza Mendia kaleko espaloiak zabaltzeko obra bukatu du orain dela gutxi. Lanak azken zazpi hilabeteetan egin dira eta 1.235.590 euroko inbertsioa egin behar izan da (BEZ barne).

Bilboko Udaleko iturriek jakinarazi dutenez, eraberritze lanen xedeak izan dira bidea irisgarritasunari buruzko araudira egokitzea eta inguruan dauden oinezkoen bideak hobetzea.

Espaloiak zabaltzeaz gain, oinezkoentzako pasabideak egokitu dira eta zoladura, zintarriak eta berritu beharreko zerbitzu sareak berritu dira proiektu beraren barruan.

Zehazkiago, kaleko 1 eta 25 zenbakien arteko zatian egin dira lanak, 110 metro luze den tartean, zeina zati bitan banatu baita: lehenengoa Kanpazargana kaletik San Adrian kaleraino, eta bigarrena, San Adrian kaletik Julia Meategia kalerainokoa.

Lanek aukera eman dute espaloiak eremu osoan handitu ahal izateko, eta horrela, 3,60 metroko espaloiak egin dira albo bietan, zirkulazio erreia estutu da eta ilarako aparkalekuak utzi dira.

Zolatze lanak egiteko, 'Bilboko baldosa' esaten zaien motako baldosak erabili dira, kolore grisekoak, eta granitozko zintarria espaloiei errematea egiteko. Oinezkoen pasabideetan, norabide eta ukimen baldosak jarri dira, kolore gorrikoak, eta baldosa horren berdinak ipini dira, baina kolore horikoak, autobus geralekuan.

Bidearen sestra eta zeharkako maldak bere hartan utzi dira, irisgarritasun parametroen barruan baitaude. Fresatze lanak egin zaizkio lehendik dagoen errodadura geruzari.

Argiei dagokienez, led motako beste batzuk jarri dira, fatxadetako argiak kendu dira eta argi puntuak kalera jaitsi dira; aldaketa horiekin eremu horretako argiztapena indartu egin da. Gainera, argiteriaren kanalizazio guztia berritu da, bai eta saneamendu eta hornidura sareak ere.