Bilboko Udalak 'Hazibizi Artea: zientzia eta artea elkarrizketan' erakusketa inauguratuko du apirilaren 22an La Perrera eraikinean, 'Konekta Ideiak: GreenJan, elikadura jasangarria' udal programaren baitan.
Erakusketa maiatzaren 25era arte bisitatu ahal izango da, 09:00etatik 20:00etara, Bilboko Udaleko iturriek prentsa ohar bidz jakiarazi dutenez.
Erakusketak ilustratutako hazien 11 barietate jarriko ditu ikusgai, hazitik ateratzen den landarea, argazkiak, haziak, laginak eta azalpen testuak ondoan dituztela.
Inaugurazio ekitaldian ekimenaren sustatzailea den Laura Gonzalez izango da, eta sorkuntza prozesuan egindako lana aurkeztuko du, ereiten hasi eta hazi arte, bai eta katalogatzeko hautatutako barietateen uztak ere.
Gainera, inaugurazioaren egunean bertan, Euskadiko Hazien Sareak haziak banatu eta tokiko produktuen dastaketa bat egingo du. Inauguraziora joateko izena eman behar da gazteria@bilbao.eus helbide elektronikora idatziz.
Bestalde, Euskaltzaindiak hiru liburu aurkeztuko ditu apirilarn 21ean eta 22an Saran (Lapurdi) egingo den Idazleen Biltzarraren 42. aldian. Ohi duen legez, Akademiak Pazko Astelehenean egingo du aurkezpena, apirilaren 21ean.
Horrela, Euskaltzaindiak jakinarazi duenez, batetik, Txomin Peillen idazle eta euskaltzain emerituaren saiakera hautatuak aurkeztuko ditu jendaurrean. Joseba Sarrionandia idazle eta euskaltzain urgazleak paratu du liburua, eta irakurleak Peillenen idazlan autobiografikoak eta euskarari buruzko idatziak aurkituko ditu.
Idazlan antropologikoak eta literatura garaikidea aztertzen dituzten artikuluak ere bildu ditu Sarrionandiak, bai eta Zuberoako kantore eta idazki zaharrei buruzkoak eta gai politikoak jorratzen dituztenak ere. "Finean, XX. mendeko euskalgintzak eman duen profilik bitxienetakoa ezagutzeko parada ematen duen liburu mamitsua", nabarmendu du Akademiak.
Bestalde, Jean-Baptiste Coyos euskaltzain osoak Saran aurkeztuko duen liburua iaz argitaratutakoaren segida da. 2024an aurkeztu zuen Battittuk Junes Casenave-Harigile idazlearen 'Zortzi pastoral berri (I)', eta orduko hartan, apaiz zuberotarrak idatzitako lau pastoral bildu zituen Coyosek ('Agosti Etxekopar', 'Atarratze', 'Barkoxe' eta 'Dabid').
Liburu berrian beste lau pastoral agertzen dira, hain zuzen, 'Judit', 'Larraine', 'Lüküze Xarles Laugerrena' eta 'San Frantzisko Xabier'; paratzaileak aitzinsolasean nabarmentzen duenez, sekula publikatu eta jokatu ez diren lau pastoral dira.
Gainera, Allande Socarros kazetari eta euskaltzain urgazleak eta Jean-Louis Davant ohorezko euskaltzainak aspaldi idatzitako testuak ere azaltzen dira liburuan, Casenave-Harigileren lana eta bizitza hobeki ulertzen laguntzen dutenak.
Euskaltzaindiak Saran aurkeztuko duen hirugarren lana "harribitxia" dela esan daiteke, gutxi baitira XIX. mendean euskaraz idatzitako bidaia kontakizunak. Hain zuzen, hori da Martin Ducq apez eta idazle baxenafartarrak 1891ean argitaratu zuen 'Erroma eta Jerusalem', bidaien kronika bat edo beila kontakizuna, misionestak beila edo erromesaldi bat egin baitzuen, bidaia bainoago. Hazparneko euskaraz idatzita dago.