Síguenos en redes sociales:

Eudelek etxebizitza eta logela turistikoak arautzeko oinarrien gida bidali die udalei

Eudelek etxebizitza eta logela turistikoak arautzeko oinarrien gida bidali die udaleiBorja Guerrero

Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak hirigintza plangintzan erabilera turistikoa arautzeko zenbait oinarri bateratu eta orientabide ematen dituen gida bidali die ostiral honetan Euskal Autonomian Erkidegoko (EAE) udalei. Gidak arreta berezia jarri du erabilera turistikoko etxebizitzetan (ET) eta erabilera turistikoko etxebizitza partikularretako logeletan (LT).

Eudelek jakinarazi duenez, turismo ostatuen modalitate berriak antolatzeko beharrari erantzuteko egin da gida, EAEko udalerrietan koordinatuta eta tokiko autonomia abiapuntu hartuta, udal bakoitzak bere diagnostiko eta bere udalerriaren beharretara egokitutako erregulazioa egin dezan.

Gidaren bitartez, Eusko Legebiltzarrak egindako eskaerari erantzun dio Eudelek, eta, erakundeen arteko lankidetza testuinguruan, Esther Apraiz Eudeleko elkarteburuak bilera egin zuen joan den astelehenean Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuarekin, dokumentua bere sailari aurkezteko.

Apraizen hitzetan, "Euskadiko turismoaren goraldiak eta pisu turistikoen fenomenoaren goranzko joerak udal esparruan erregulazio bat izateko beharra eragin dute, udalei segurtasun juridikoa emango diena eta erabilera turistikoa gainerako erabilerekin orekatzea ahalbidetuko duena".

Hala, erabilera turistikoak udal plangintzaren barruan arautzea gomendatu du Eudelek, plan orokorra berrikusita edo aldatuta, eta ez ordenantzen bitartez, auzitegiek aurkako epaiekin erakutsi duten bezala.

"Euskadiko udalerrietan turismo jasangarriaren eta kalitatezkoaren eredu bat bultzatzeko aukera-aukerako unean gaude. Eta udalok, gure hirigintza eskumenak baliatuta, aurrea har dezakegu, etxebizitza eskubidea zein zerbitzu publikoekiko oreka babesteko erregulazio egoki batekin, turisten eta gure herrietako biztanleen arteko elkarbizitza bermatzeko, herritarren eguneroko bizitza aldatu gabe", azaldu du.