Zineuskadi elkarteak Donostiako Tabakaleraren laguntzarekin sustatzen eta koordinatzen duen emakume zuzendari eta ekoizle hasiberrientzako Noka Ekoizkena programak 2025eko ediziorako izena emateko epea zabalduko du asteazkenean, urtarrilaren 8an, lehen edizioak izandako arrakastaren ondoren. Oraingoan ere, ekimenak bi lan ildo izango ditu: gidoia bukatzea eta ekoizpena.

Programaren arduradunek jakinarazi dutenez, egitasmoaren helburua da tutoretza eta laguntza eskaintzea Euskal Herriko emakumezko zuzendari berrien film luzeen azken fasean. Hautagaiek aurreprodukzioaren hasierako urratsetan egon beharko dute estatu mailako ekoizle hasiberri baten eskutik. Emakumezko ekoizleei prestakuntza emateko xedea ere badu programak, eta zuzendari lankidearen gidoiaren gainean lan egiteko aukera izango dute bertan.

Noka Ekoizpena programak denbora, espazioa, testuingurua eta laguntza profesionala eskainiko die zinemagileei. Bere xedeetako bat aurrekontu doituak osatzea da, Jaurlaritzaren eta Espainiako Kultura Ministerioaren Zinema eta Ikus-entzunezkoen Institutuaren zein nazioarteko industria zinematografikoko foro profesionalen laguntzak eskatze aldera.

Gainera, parte hartzaileek ekoizpena planifikatzeko laguntza jasoko dute, filmaketarekin hasi ahal izan daitezen, eta prozesua amaitzeko, 'pitch' profesional bat egingo dute Abycine Lanza zinema independenteko profesionalentzako erreferentziazko merkatuan.

Lau tutore arduratuko dira hautatutako bi proiektuen jarraipena egiteaz: Mar Coll eta Itsaso Arana gidoiaren eta zuzendaritzaren atalean, eta Chelo Loureiro eta Valerie Delpierre ekoizpenarenean. Modulu bakoitza emango duten profesionalak hautatutako proiektuen arabera aukeratuko dira.