Gasteizko Udalak eta Ingurumen Gaietarako Ikastegiak lan ildo bati ekin diote elkarlanean, Arabako Lautada eskualdea biosfera erreserba izendatzeko bidean aurrera egiteko. Udal gobernuak eta EH Bilduk adostutako akordiotik sortutako ekimena da, eta 50.000 euroko aurrekontua du proposamenaren hasierako garapena egiteko.
Araban lehen biosfera erreserba sortzea da helburua, Zadorraren goiko arroan, hain zuzen ere. Guztira 950 kilometro koadro izango lituzke (14 udalerri eta 275.000 biztanle), eta Espainiako Estatuan biztanle gehien dituen biosferaren erreserba eta ezaugarri horiek dituen bakarrenetako bat bihurtuko litzateke, erreserbaren barruan tamaina ertaineko hiri bat izango bailuke: Gasteiz.
Gainera, planteamenduak kontuan hartzen du ingurumen balio handiko eremua dela, eta Gasteizko Mendiak, Arrato mendilerroa eta Gorbeiako Parke Naturala, Aizkorri-Aratz Parke Naturala eta Urkiolako mendilerroa, Entzia mendilerroa eta Iturrietako mendiak barne hartzen dituela. Erreserbaren barruan dauden leku natural interesgarrien artean, besteak beste, Gasteizko Eraztun Berdea, Salburuko hezeguneak eta Zadorrako eta bertako urtegietako kontserbazio bereziko eremuak nabarmentzen dira.
Borja Rodrigez Gasteizko Udaleko Ingurumen Gaietarako Ikastegiko presidenteak ekimenaren aurkezpenean azaldu duenez, zuzentzen duen erakundeak "konpromiso osoa du klima aldaketaren aurkako borrokarekiko eta egungo gizarte eta ingurumen erronkekiko, 2030eko Agendaren Garapen Jasangarriaren Helburuekin lerrokatuta".
Bada, helburu hori lortzeko, biosfera erreserba "tresna baliagarria" izan daitekeela gaineratu du. "Gaur gure aberastasun naturalari balioa ematea helburu duen bide berri bati ekingo diogu. 'Lautada Biosferaren Erreserba' izendatzearekin lotuta aurretiaz egin beharreko lan hauen bidez, gure aniztasun biologikoa eta kulturala kontserbatzeko eta, herritarrek naturarekin duten harremanaren bidez, garapen ekonomikoa eta soziala lortzeko izendapen horrek zer eragin izango lukeen aztertu nahi dugu", adierazi du.
Bestalde, Xabier Ruiz de Larramendi EH Bilduko zinegotziak nabarmendu duenez, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) "askotan onartu du jasangarritasunaren erronka hirietan jokatzen dela eta, horregatik, uste dugu larrialdi klimatikoaren erronkari aurre egin behar zaiola, biosfera erreserbak bezalako tresnak egokituz".