Ikus-entzunezko Klusterren Espainiako Sareak (RedCAU) ezohiko batzarra egin du ostegun honetan Donostia Zinemaldiaren baitan, eta Espainiako Estatuko ikus-entzunezkoen eta eduki digitalen sektoreko bederatzi elkarte nagusiak bildu dira, tartean EIKEN Euskadiko Ikus-entzunezko Klusterra.
Euskal klusterreko iturriek jakinarazi dutenez, topaketa Tabakaleran izan da, eta Kataluniako Ikus-entzunezkoen Klusterrak dinamizatu du, egun sarearen presidentea baita. Bilkuraren helburu nagusia ikus-entzunezko industriaren aurrerapenei buruz eztabaidatzea, urteko azken ekitaldiko emaitzak ebaluatzea eta datorren urterako lan plana zehaztea izan da.
Era berean, erakundeak sektorearen funtsezko erronken aurrean duen jarrera estrategikoa eztabaidatu da, hala nola berrikuntza, digitalizazioa, elkarlaneko azpiegiturak sortzea, prestakuntza, politika arautzaileen azterketa eta nazioartekotzea.
Kanariar Uharteetako (CLAC), Kataluniako, Galiziako (CLAG), Aragoiko (CLADA), Nafarroako (CLAVNA) eta Euskadiko (EIKEN) ikus-entzunezko klusterretako ordezkariek parte hartu dute topaketan, baita Madrilgo, Valentziako eta Andaluziako (CLAND) kluster berriek ere.
RedCAU 2021ean sortu zen, eta Espainiako ikus-entzunezkoen industria indartzea du helburu, estatu eta nazioarte mailako enpresen eta erakundeen arteko lankidetza sustatuz. Ezagutzak eta jardunbide egokiak trukatzea erraztea, ikerketa, garapena eta berrikuntza bultzatzea, sektorearen balio katean eraginkortasuna hobetzea eta herrialdera inbertsioak eta talentua erakartzea dira bere helburuak.