Gazteen artean indarkeria matxista prebenitzeko Beldur Barik lehiaketaren hamabosgarren edizioa jarri da martxan, eta 12 eta 20 urte bitarteko gazteek ikus-entzunezko lanak aurkez ditzakete dagoeneko. Epea azaroaren 8an bukatuko da.
Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak sustatzen du lehiaketa, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiekin eta Eudel Euskadiko Udalen Elkartearekin batera. Beldur Barik programaren helburua gazteen artean indarkeria matxista prebenitzea da, gazteei gonbitea eginez indarkeria matxistaren aurrean berdintasunarekiko konpromisoa ager dezaten ikus-entzunezko lanen bidez.
Bideo bakoitzak hiru minutuko iraupena izan behar du gehienez, eta nerabeek eta gazteek indarkeria sexistaren mota desberdinen aurrean duten hausnarketa eta jarrera jaso beharko ditu, hau da, "Beldur Barik jarrera irudikatu nahi da, neskek eta mutilek desberdintasun-egoerei aurre egiteko dituzten moduak definitzen dituena eta errespetuan, askatasunean, autonomian eta erantzunkidetasunean oinarritutako harremanak eraikitzen dituena", Emakundetik azaldu dutenez.
Parte hartzea banaka edo taldeka izan daiteke (ikastetxea, gaztelekua eta abar), eta lehiaketak hiru kategoria ditu adinaren arabera: lehenengoa 12-14 urtekoei zuzendua, bigarrena 15-17 urte bitartekoei eta hirugarrena 18-20 urte bitartekoei. Kategoria bakoitzeko bi lan sarituko dira -irabazlea eta aipamen berezia-, 400 eta 200 eurorekin, hurrenez hurren, eta 300na euroko beste bi sari emango dira ikus-entzunezko lan onenarentzat eta bideo bozkatuenarentzat.