Ondoz ondoko bosgarren urtez, Olarizuko Etxaldeko patiora iritsiko da zinema ona, Lorategian zikloaren eskutik. Hainbat pelikula eta dokumental proiektatuko dituzte abuztuaren 29an eta 30ean eta irailaren 5ean eta 6an, kontzeptu hauen gaineko pentsamendu kritikoa aktibatzeko helburuz: berreskuratzea, narriadura, sorkuntza eta berrerabilpena. Hainbat ikuspegi landuko dituzte.

“Olarizuko lorategi botanikoak balio natural handia du, zalantzarik gabe, eta asko estimatzen dute hiriko biztanleek zein bisitan etortzen direnek. Leku honetaz beste modu batera gozatzeko aukera ematen digu ‘Lorategian’ zinema-zikloak. Aire zabaleko zinemaren magiaz gozatzeko gonbidapena luzatzen diegu gasteiztarrei, bihar hasi eta irailaren 6ra arte, Olarizun”, animatu ditu hiritarrak Pascual Borjak, Eraztun Berdearen eta Bioaniztasunaren Ataleko zinegotzi delegatuak.

Aurten, sinestesia (abuztuak 29), maiztasuna (abuztuak 30) eta memoria (irailak 5) izango dira proiekzioen ardatz tematikoak. Irailaren 6an amaituko da zikloa, film laburren saio batekin.

Abuztuaren 29an, ostegunean, Khadak proiektatuko dute, nomadismoari buruzko filma, Mongoliako estepetan girotua. Abuztuaren 30ean Taming the garden filmaren txanda izango da. Denbora-pasa bitxia duen gizon boteretsu bati buruzko istorioa da: lorategi pribatu bat eraikitzen ari da, Georgiako kostaldean zehar finkatutako komunitate txikietatik erauzitako ehun urtetik gorako zuhaitzez osatua.

Irailaren 5ean, A metamorfose dos passaros film portugaldarrarekin itzuliko da zikloa. 2020an saria jaso zuen Donostiako Zinemaldian. Filmean, Catarina Vasconcelosek haren familiaren historia berreraikitzen du, naturarekiko lilurari buruzkoa, Henriquek itsasotik bidaltzen dizkien eskutitz eta telegrametatik abiatuta.