Eroski kooperatibak eta Basque Culinary Center ikastegiak bien arteko lankidetza hitzarmena berritu dute, 2028ra arte, prestakuntza, hedapena eta berrikuntza direla ardatz nagusi. Helburua da osasunarekin, jasangarritasunarekin eta tokiko produktuen sustapenarekin zerikusia duten proiektuak lantzea eta lankidetzarako esparruak zabaltzea.

Azken hamar urteotan egindako harremana indartuko dute horrela, Eroskik eta Basque Culinary Centerrek. Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusi Joxe Mari Aizegak eta Eroskiko idazkari nagusi Mikel Larreak izenpetu dute hitzarmena.

Hitzarmenaren gakoa da berrikuntza sortzea, prestakuntza ematea eta hedapenean indarra jartzea. Era berean, Eroskik eta Basque Culinary Centerrek helburu bera dute: elikadura eta gastronomia ulertzeko modua eraldatuko duten proiektuak sustatzea.

Mikel Larreak hitzarmenaren garrantzia nabarmendu du: "Basque Culinary Centerrekin dugun hitzarmena erreferente eztabaidaezina da gastronomiaren arloan, eta, hura berrituta, erakusten dugu etengabe gaudela konprometituta kontsumitzaileak heztearen eta ohitura osasungarriak hartzearen garrantziarekin; izan ere, janaritik hasten dira ohitura horietako asko".

Bestalde, Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusiak adierazi duenez, "plazerra da Basque Culinary Centerrentzat Eroski patrono moduan izatea, izan ere balio eta ikuspegi berdinak ditugu elikaduraren eta gastronomiaren sektorean. Horregatik egin ahal izan dugu elkarrekin lan proiektu estrategikoetan".

PROIEKTUAK

Eroskik eta Basque Culinary Centerrek proiektu sorta bat gauzatu dute elkarrekin 12 urteko elkarlanean, hala nola, produktuen kalitatea ebaluatzeko modua eta ohitura osasungarrietan heztea. Horretaz gainera, bi erakundeak lanean ari dira I+G+B proiektuetan, balio gehigarria duten elikagaiak garatzeko eta sektorean berrikuntza sustatzeko.

Gazteentzat ere antolatzen dituzte proiektuak, besteak beste, tailerren eta ikastaro trinkoen programa gastronomiazaleentzat. Era berean, bi erakundeek "EROSKI-BCC Onenak" antolatzen dituzte; urteroko ekimena izaten da, zeinetan profesionalek proiektu ekintzaileak aurkezten dituzten jasangarritasunaren, tokiko produktuaren, berrikuntzaren edo osasunaren alorrak garatuz.

Bi erakundeen iritziz, horrek balio handia ematen dio gazte ekintzaileen alde egiten duten lanari, haiek baitira aldaketaren motorra elikaduraren eta gastronomiaren sektorean.