Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak Enrique Contreras identifikatu du genetikoki, Linaresen (Andaluzia) jaio eta Aretxabaletan (Gipuzkoa) bizi zen EAJ-PNVri atxikitako Sarasketa batailoiko gudaria, 1937ko apirilaren 6an Diman (Bizkaia) hil zena. Gorpuzkiak Aretxabaletako udaletxean emango dizkiote sendiari, familia izaerako ekitaldi batean.
Bere gorpua non hobiratuta zegoen ezezaguna zen orain arte, eta bere gorpuzkiak Amorebieta-Etxanoko (Bizkaia) hilerritik berreskuratu ziren bigarren indusketa kanpainan, joan den martxoan. Identifikazio genetikoa posible izan da 2018an hildako alabak DNA Bankuari emandako lagin bati eta bere semearen aurtengo lagin bati esker.
Maria Jesus San Jose Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideetako sailburuak eman du identifikazioaren berri, egunotan Amorebieta-Etxanoko hilerrian egiten ari diren indusketa lanetara egindako bisitan. Sailburuarekin batera, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendari Alberto Alonso izan da, eta Ainhoa Salterain alkateak egin die harrera.
San Josek adierazi duenez, Amorebieta-Etxanoko indusketa eta desobiratze kanpaina "beste urrats bat da bide luze batean, eta ausardiaz ibiltzeko borondatea dugu". "Ahalik eta identifikazio gehien lortzeko beharrezkoak diren ahaleginak indartuko ditugu, zortzi hamarkadatan zigortutako anonimatutik ahalik eta pertsona gehien ateratzeko ahalegina indartuko dugu, berriz ere atseden har dezaten etxekoen ondoan", esan du.
Lourdes Herrasti Aranzadi Zientzia Elkartea egiten ari den indusketaren arduradunak egunotan egindako aurkikuntzak azaldu ditu bisitan. Horrela, 11 gorpuzki aurkitu dituzte, hobi bakarrean lurperatuak, eta, zantzu guztien arabera, gerra garaiko ospitalean hildako pertsonenak dira. Edonola ere, atariko emaitzak dira, kanpaina ez baita oraindik amaitu.
Egunotan hilerrian egiten ari diren lanak kokapen horretan bertan egingo den hirugarren indusketa kanpainakoak dira. Asteazkenean hasi ziren lanak, eta igandera arte luzatuko dira, aurreko kanpainetako ondoko eremuan. Aurreko kanpainetan, 2023ko abenduan eta 2024ko martxoan, 86 gorpuzki aurkitu eta lurpetik atera zituzten, eta hiru dira dagoeneko identifikatutako pertsonak.