Herrixka gotortuaren funtsezko eremuak hobeto ulertzeko lanetan
Mattin Aiestaran arkeologoaren gidaritzapean, eta abuztuaren 18ra arte, bi helburu nagusi betetzeko asmoa du taldeak
Aranzadi Zientzia Elkarteak Irulegiko Burdin Aroko aztarnategiko indusketei ekin die aurten ere, bi hilabetez, Aranguren Ibarreko Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren babesarekin, herrixka gotortuaren funtsezko eremuak hobeto ulertzeko helburuarekin.
Mattin Aiestaran arkeologoaren gidaritzapean, eta abuztuaren 18ra arte, bi helburu nagusi betetzeko asmoa du taldeak. Lehenik, ikerketarekin aurrera egin nahi da, herrixkako eta inguruetako zenbait eremutan indusketak eginez, "kanpainaz kanpaina, Irulegi funtsezko aztarnategia bilakatu baita Ebro harana altu-ertaineko azken milurtekoko gizarteen eta mendebaldeko Pirinio inguruko eremuaren garapena ulertzeko", Aranzaditik adierazi dutenez.
Bigarren helburua kontserbazioarekin lotuta dago. Aurreko kanpainetan azaleratu ziren egiturak finkatu egin behar dira, kalteak saihesteko eta jendaurrean behin betiko erakusgarri egoteko, eta horretarako, orain arte induskatutako hiru etxebizitzak finkatzea aurreikusi da: 6.000 eraikina, Irulegiko Eskua agertu zen tokia; 3.000 eraikina; 5.000 eraikina edo eskaileren etxea.
Joan den urteko kanpainan prospekzio geofisikoa egin zen berriro aztarnategiaren hirigunean, baita ordura arte aztertu gabeko hainbat eremu txikitan ere, eta ondorio interesgarriak atera zituzten herrixkaren azken faseko hirigintzari dagokionez.
Eremu horien funtzioa argitzeko asmoz, aztarnategiko hainbat tokitan kata arkeologikoak egitea izango da aurtengo esku hartzearen ardatza. Hala, beste zundaketa batzuen artean, oraindik induskatu ez diren eta errekuntza maila handia duten bi eraikin txikik izango luketen funtzioa ulertu nahi du taldeak.
Horrez gain, lubaki itxurako zundaketen bidez, herrixkako zulo edo terraza itxurako etxebizitza posibleak, harresia izan daitekeena eta, aurreko zundaketetan aztertu zenari jarraituz, Erdi Burdin Aroko zeramika ezohikoen biltegi bat agertu zen lekua ikertzea aurreikusi dute, kutxatila zelaien nekropoliarekin lotuta egon litekeena.
Más en Sociedad
-
Arnasguneek hizkuntza gutxituen biziberritzean duten garrantzia aztertuko dute urrian Azpeitian
-
Guacamaya, el proyecto de inteligencia artificial para cuidar y proteger la Amazonía
-
La Policía Nacional libera a 23 personas explotadas en centros de manicura de cinco provincias
-
Investigado por conducir de forma temeraria y amenazar a otro vehículo en La Rioja