"Sarean arrakasta handia dute katuek, txakurrek eta etxekotutako beste animalia batzuek. Nerea Vallejo López biologoak, ordea, saguzarrak ditu gogoko. Hain zuzen, haiei buruzko tesia egiten ari da EHUn, eta arrazoi ugari aipatzen ditu, azaltzeko zergatik diren hain animalia interesgarriak: “Jendeak ez ditu ezagutzen, baina ez da hor ez daudelako. Euskal Herrian 27 saguzar-espezie daude eta munduan 1.200. Era askotakoak dira, eta, gainera, beste mundu bat bezala dira. Adibidez, Euskal Herrikoak gauez bizi dira, eta, guk ikusmena erabiltzen dugun bezala, beraiek ekokokapena erabiltzen dute. Gainera, hegalariak dira, taldean bizi dira... Gauza asko dituzte oso interesgarriak ikerketa asko egiteko".

Azpimarratu duenez, ugaztun hegalari bakarrak dira, eta hori, ebolutiboki, oso berezia da. "Asko mugitzen dira; batzuek, gau bakar batean, 30 km egin ditzakete haien janlekuetara joateko", azaldu du.

Han badago saguzarrak ikertzen urteak daramatzan talde bat, eta haiekin egin zuen gradu-amaierako lana.

Gogoratu du txikitan asko gustatzen zitzaizkiola animali basatiak, eta albaitari edo biologo izatea zuela amets. Hala, biologiako gradua egin zuen UPV/EHUn. Han badago saguzarrak ikertzen urteak daramatzan talde bat, eta haiekin egin zuen gradu-amaierako lana. Orain, tesia ere talde berarekin egiten ari da, Geoffroy saguzarraren ekologia trofikoa ezagutu nahian. "Geoffroy saguzarra Europan bizi den saguzar txikitxo bat da, eta nik bere dieta ikertzen dut, eta nola aldatzen den dieta denboraren arabera, koloniaren inguruko paisaiaren arabera eta abar".

Koronabirusaren jatorria saguzarretan egon zitekeela eta, pentsatzekoa zen, agian, haien kontrako mugimendua edo iritzia sor zitekeela. Vallejok, ordea, ezeztatu egin du: "Egia da asko hitz egin zela saguzarrei buruz, baina ikertzaileek eta saguzarrei buruz dibulgatzen dutenek lan handia eta oso ona egin dute, informazio hori testuinguruan jartzeko. Lehenengo unetik aritu ziren dibulgatzen, eta, gaur egun, ekintza asko egiten dira saguzarren inguruan, familian, adibidez, animalia hauek jendeari hurbilarazteko eta ez izateko hain arrotzak”.

Are gehiago: Vallejok gogoratu du 2020an egin zituela tesirako laginketak, udan, eta, orokorrean, inork ez zuela arazorik jarri bere baserrira edo dena delako lekura joateko lagin bila. “Jende askok horregatik ezagutu baditu ere, nik ez dut sumatu alderik COVID-19aren aurretik eta ondoren".