Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak bi gida praktiko argitaratu ditu, erretzearen ondorio kaltegarriei buruz kontzientziatzeko bata, eta ohitura utzi nahi dutenei laguntzeko bestea. Kerik Gabeko Euskadi estrategiaren barruan, bat publiko orokorrari zuzenduta dago, eta bestea haurdunei zehazki.

Osasun Sailetik jainarazi dutenez, Hobe tabakorik gabe. Lor dezakezu!' gida herritar guztiei zuzenduta dago, eta tabakoaren kontsumoak dakartzan kalteei eta tabakoa uztearen onurei buruzko informazioa ematen du. Tabakoa uzteko prozesuaren urrats bakoitzean jarraitu beharreko gomendioak ere ematen ditu.

Gida horrekin batera, haurdunaldirako beste gida espezifiko bat prestatu da: Haurdunaldia hobe tabakorik gabe. Kontsumoak haurrarengan dituen ondorioak azaltzen, mito faltsuak desmuntatzen eta haurdunaldiaren etapetarako aholkuak ematen ditu, kerik gabeko ingurune batez inguratzearen abantailak nabarmenduta.

Osasun Sailak eta Osakidetzak garatzen duten 'Kerik Gabeko Euskadi' estrategiaren barruan daude bi gidak, Osasunaren Mundu Erakundearen 'MPOWER' planaren ildotik. Plan horrek arlo honetako funtsezko bost esku hartzeetako bat bezala proposatzen du erretzeari uzteko laguntza eskaintzea.

Horrela, alde batetik, material berriak osatu egiten du Osakidetzak tabakismoa tratatzeko duen eskaintza zabala -modu presentzialean, sarean edo modu mistoan tratatzekoa_, eta, gainera, kontsultan erabil daiteke. Aldi berean, aproposa da tabakismoa prebenitzeko eta herritarrak sentsibilizatzeko ekintza guztietan erabiltzeko, besteak beste, lanean, eskolan, familian edo komunitatean.

Formatu digitalaz gainera, gida orokorraren paperezko 6.000 aleko tirada egingo da, eta haurdunaldiari buruzko gida espezifikoaren 2.000 aleko beste bat. Gidak Osakidetzako osasun zentroetan banatuko dira, bereziki Lehen Mailako Arretakoetan, bai eta Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundean, adikzioen prebentzio komunitarioko taldeak dituzten toki erakundeetan edota prebentzio lanak egiten dituzten hirugarren sektoreko erakundeetan ere.

Osasun Sailak berriz ere nabarmendu du erretzeari uztearen garrantzia -gailu elektronikoak erabiltzea barne-, ez bakarrik erretzaileen osasunerako dituen ondorio onuragarriengatik, gaixotasun larrietatik prebenitzen dituelako, baita inguruko pertsonak kearen toxikotasunetik babesten direlako ere, bereziki kalteberenak direnak, hala nola adingabeak.