Síguenos en redes sociales:

Arabak Europari exijitu dio nazioz azpiko gobernuei entzuteko, nekazaritzaren egiturazko arazoei aurre egin diezaien

Ramiro Gonzálezek Familia Nekazaritzaren Konferentzia Globalaren inaugurazioan nabarmendu duenez, "ausartak izan behar dugu eta urratsak eman aurrera"

Arabak Europari exijitu dio nazioz azpiko gobernuei entzuteko, nekazaritzaren egiturazko arazoei aurre egin diezaienJorge Muñoz

 Ramiro González diputatu nagusiak Europari exijitu dio nazioz azpiko gobernuei entzuteko, nekazaritzaren egiturazko arazoei aurre egin diezaien. Familia Nekazaritzaren VII. Konferentzia Globalaren inaugurazio ekitaldian parte hartzean nabarmendu duenez, "ausartak izan behar dugu eta urratsak eman aurrera".

Ildo horretan, Gonzálezek landu beharreko lehentasunezko gai batzuk azpimarratu ditu. Besteak beste, honako hauek aipatu ditu: hirugarren herrialdeetako inportazioen lehia desleiala; nekazarientzako prezio errentagarriak bermatzeko merkatua erregulatzeko mekanismoak; nekazaritza lurzorua babestea eta optimizatzea, haren ingurumen balioa aitortuz; Europako araudia malgutzea, produkzio errealitate txikienetara eta tokikoenetara egokitzeko; eta administrazio izapideak sinplifikatzea.

Ramiro Gonzálezek "lehen sektorea gobernantza esparru dinamiko eta une bakoitzeko beharretara egokitutako batekin indartuko duen baterako lana" egiteko eskatu du foro horretan. 

Era berean, sektorea "denok gauden elikadura kate baten lehen katebegitzat hartzen du. Eman diezaiogun merezi duen garrantzia. Ez dezagun ahaztu funtsezkoa dela lurralde guztientzat, elikagaiak hornitzeko iturri direlako".

Gonzálezek adierazi du Foru Aldundiak konpromisoa hartu duela "ekintzak bultzatzeko, Arabako lehen sektorea erresilienteagoa eta hobeto egokitua izan dadin, lurralde kohesionatua lortzeko". Europako erakundeei ere dei egin die "sektoreak egiten dizkigun eskaerei erantzuteko. Premia horiek foru erakundeak aurreikusitako jarduketekin lotuta daude, eta sektorearekin eta hura ordezkatzen duten entitateekin batera lantzen ari dira" azpimarratu du.

Familia Nekazaritzako Konferentzia Globala

Familia Nekazaritzaren VII. Konferentzia Globala gaurtik ostegunera bitartean egingo da, Gasteizen. 220 parte hartzaile baino gehiago izango ditu, besteak beste, familia nekazaritzako erakundeak, gobernuak, nazioarteko erakundeak, ikerketa zentroak, fundazioak eta beste eragile batzuk, hala nola 55 herrialdetatik datozen kontsumitzaile edo nekazari gazte eta emakumeen elkarteak.

Topaketa horren helburua da familia nekazaritzaren rol nagusi, estrategiko eta integralaren aitorpena sustatzea etorkizuneko elikadura sistemen eraldaketan, baina baita landa eremuen garapenean, klima aldaketara egokitzeko estrategietan, naturaren babesean eta desberdintasunen konponketan ere, beste erronka handi batzuen artean.