Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) 'Marine EnviRonment' Erasmus Mundus masterrak Erasmus+ erakundearen jardunbide egokien zigilua berritu du. Erasmus Mundus graduondoko onenei ematen die saria Europako Batzordeak, eta programak "ezin hobeto" kudeatu direla eta "beste batzuentzako inspirazio iturri" izan daitezkeela bermatzen du aitorpenak.

Aitortza berriarekin, kalifikazio hori jaso duten lau Erasmus Mundus master ditu dagoeneko EHUk. Izan ere, 'Marine EnviRonment' masterraz gain, zigilua berritu dute 'Itsas Baliabide Biologikoak' Erasmus Mundus Masterrak (2022), 'Energia Berriztagarriak Itsas Ingurunean' Erasmus Mundus Masterrak (2023) eta 'Hiri eta Komunitate Adimenduak' Erasmus Mundus Masterrak (2024).

Jardunbide egokien zigilua emateko, Europako Batzordeak kontuan hartzen ditu ebaluazioa, emaitzen garrantzia eta helburuetara egokitzea; kudeaketaren kalitate orokorra eta betetze maila; inpaktua eta hedapena. Bikaintasun zigilua lortu ahal izateko, irizpideen arabera egindako amaierako txostenaren ebaluazioan 75/100 puntuazioa baino altuagoa eman behar die Europako erakundeak Erasmus+ proiektuei.

Ionan Marigomez 'Marine EnviRonment' graduondokoaren zuzendariak azaldu duenez, "MER+ graduondokoaren puntuazio orokorra 86/100 izan zen. Ebaluazio irizpideetan kalitate bikaina duela erakusten du horrek, garapenean zehar brexitaren eta Covid-19aren pandemiaren erronkak gainditu behar izan zituen arren, ziurgabetasunez eta ustekabeko oztopoz betetako aldi batean".

"Hori dela eta, publikoki aitortu behar da MER komunitateko kide guztien ekarpen baliotsua, horiek ahalbidetu baitute Erasmus Mundus Master honen lorpen arrakastatsua", gaineratu du.

Bestalde, Montse Maritxalar EHUren Graduondoko eta Etengabeko Prestakuntzako errektoreordeak nabarmendu du lau Erasmus Mundus masterretan Erasmus+ jardunbide egokien zigilua lortzeak "nazioarteko ibilbide bikaina" erakusten duela EHUren graduondoko eskaintza akademikoari dagokionez. "Gure nazioarteko graduondoko prestakuntzaren aitorpena gero eta nabarmenagoa da", ziurtatu du.