Joseba Larratxek egin du Itzulia Basque Country 2024ko kartela
Bilboko Arte Ederren museoan egin da
Joseba Larretxe 'Josevisky' ilustratzaile irundarraren kartelak iragarriko du apirilaren 1etik 6ra bitarte jokatuko den 2024ko Itzulia Basque Country txirrindularitza lasterketa.
Duela sei urtetik Lan Literarioen Ilustrazioa kategorian Euskadi Literatura Saria irabazi duen pertsonak diseinatzen du Itzuliaren kartela. Horregatik, aurtengo edizioaren kartelaren egilea Joseba Larratxe izan da, berak jaso baitu saria 'Ni ez naiz Mikel Laboa' lanarekin.
Bilboko Arte Ederren museoan egin da irudiaren aurkezpena astelehen honetan, eta bertan izan dira Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria, Itzulia Basque Countryren antolatzailea den OCETA Euskadiko Txirrindularitza Erakundeko presidente Julian Eraso, Joseba Larratxe bera eta Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren museoko zuzendaria.
Larratxek azaldu duenez, Itzuliaren aurtengo kartela egiteko enkargua jaso zuenean bi irudi etorri zitzaizkion burura: "Batetik, txirrindularien esfortzu aurpegiak, izerditan, ahoa zabalik edo hortzak estuturik, mendian gora. Bultzada horrekin erlazionatu dut beti txirrindularitza".
Bestetik, "euskal zaletuen irudia" etorri zitzaion gogora, "Euskal Herriko eta atzerriko portuetan, errepide bazterra ikurrinez betetzen". "Izan ere, zaleak dira euskal txirrindularitzaz gehien goraipatzen dena", gaineratu du.
Ondoren, "txirrindulariaren betaurrekoetan zaleen isla erakutsiz bi irudi horiek bakar batean elkartu nitzakeela" konturatu zen, eta, modu horretan, "txirrindulariaren azalean jartzen gara eta berak ikusten duena ikusten dugu". "Ikurrina kartelean txertatu eta dituen kolore biziak ongi integratzeko modua topatu nuen: irudi osoa ikurrinaren hiru koloreekin konposatzea", esan du.
Bestalde, Zupiriak gogorarazi du kartelaren enkargua artista bati egitearen jatorria Espainiako gerra zibilaren aurreko garaietan dagoela. Azaldu duenez, "gerra zibilaren aurretik ohikoa zen goi mailako euskal artistek kartelak egitea, besteak beste, txirrindularitza lasterketenak, eta kirola eta kultura batu eta gure sortzaileei aukera berriak emateko helburuarekin 2019an berriro berreskuratu genuen ohitura hori".
"Gure sortzaileei aukera berriak ematen dizkiegu eta beraientzat ohikoa ez den publiko batengana hurbiltzeko aukera ematen digu. Kirola eta Kultura batzen dituen ekimena da hau", gaineratu du.
Horrela, 2019tik Yolanda Mosquerak, Asisko Urmenetak, Miren Asiainek, Javier de Isusik eta Maite Mutuberriak diseinatu dituzte Itzuliko kartelak. Denak daude Bilboko Arte Ederren museoan gordeta.
Temas
Más en Sociedad
-
Bizkaiko Aldundiak 2021eko errepideen katalogoa eguneratu du bide sarean erregistratutako aldaketak sartzeko
-
Dos menores atacan con navajas y bates de béisbol a una alumna en un instituto de Valencia
-
Osakidetza alerta de un bulo sobre la cancelación de la OPE de Enfermería por las altas temperaturas
-
Condenado a doce años de cárcel un profesor en Lanzarote por abusar de tres alumnas de primaria