Síguenos en redes sociales:

BBK-k milioi bat eurotik gora erabiliko du 2024an lehen sektoreari laguntzeko

BBK-k milioi bat eurotik gora erabiliko du 2024an lehen sektoreari laguntzekoPor Julen Rekondo

BBK-k 1.087.000 euro bideratuko ditu 2024. urtean Bizkaiko baserritarrei laguntzera, lurraldearen lehiakortasun iraunkor edo jasangarrian aurrera egiteko estrategikoa den lehen sektorearen "funtsezko eragileak" baitira.

Babesa salmentak bultzatzeko bi bide desberdin eta osagarriren bidez gauzatuko da: batetik, 74 udalerritan 104 azoka antolatzeko laguntza eta, bestetik, 'BBK Azoka e-commerce', Bizkaiko lehen sektorearen erakusleiho digitala, non dagoeneko lurraldeko 62 ekoizlek parte hartzen duten.

Nora Sarasola BBK-ko Gizarte Ekintzako zuzendariak erakundeak Bizkaiko lehen sektoreari laguntzeko ekimenen xehetasunak aurkeztu ditu asteazken honetan Lezamako Magalarte upategira egindako bisitan; Iñaki Aretxabaletarekin eta bere seme Andonirekin batera egin du, duela 130 urtetik txakolina egiten duen familia tradizio handiko upategiaren arduradunekin, hain zuzen. Ohiko familia da Bizkaiko azoketan, eta BBK Azokaren bidez ere merkaturatzen ditu bere produktuak.

Sarasolak nabarmendu duenez, "BBK-k Bizkaiko azoketan emandako laguntzarekin elikadura sistema jasangarria bultzatzen dugu ingurumen eta klima inpaktua murrizteko asmoz, elikagaien segurtasuna indartuz, herritarren osasuna babestuz eta gure baserritarren errentagarritasun ekonomikoa bermatuz".

Bere hitzetan, "gero eta gehiago jabetzen gara elikagaien jatorriaz, badakigu jaten dugunak klimarako ondorioak dituela, eta pixkanaka gure kontsumoa egokitzen ari gara ezagutza horretan oinarrituta. Azken batean, erabaki hori osasuna delako, ekonomia delako eta gure planetaren zaintza delako".

Beraz, "gure altxor handi hau" zaintzera deitu du, "kalitatezko elikagai eta tokiko produktuez hornitzen gaituena, freskoak, osasungarriak, trazagarriak, jasangarriak eta ingurumen aztarna txikikoak".

Bestalde, Iñaki eta Andoni Aretxabaletaren ustez, azoken eta merkatuen aldeko apustuak "gure baserriak eta herrietako jarduera mantentzen laguntzen du, zuzeneko salmenta funtsezkoa baita gure ekoizpen eredurako, baina digitalizazioaren trenera igotzeko beharraz ere jabetzen gara".