Osasunaren ikerketari buruzko erabakiak hartzerako orduan pazienteen elkarteak inplikatzeko prozesu bat jarriko da martxan Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), eta, hasteko, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak elkarteotako 50 pertsona baino gehiago bilduko ditu gaur, Bilbon, partaidetza aktiboari eta egonkorrari bidea irekitzeko jardunaldi batean.
Hain zuzen, Osasun Sailak jakinarazi duenez, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak inauguratuko du prozesuari hasiera emango dion jardunaldia. Carina Escobar Espainiako Pazienteen Erakundeen Plataformako presidentea ere izango da topaketan.
Halaber, askotariko gaixotasunak dituzten pertsonen pazienteen eta senideen EAEko elkarteetako 50 pertsonak baino gehiagok hartuko dute parte. Gaixotasun horien artean daude, besteak beste, minbizia, patologia neurodegeneratiboak, gaixotasun arraroak, buruko nahasmenduak, disfuntzio organikoekin lotutako gaitzak, elikadura jokabidearen alterazioak, hesteetako gaixotasun inflamatorioak, diabetesa, fibromialgia, fibrosi kistikoa, meningitisa, pluripatologia kronikoak, gaixotasun erreumatikoak, arnasketakoak, endometriosia, hiesa, hemofilia, psoriasia, epilepsia edota garuneko hartutako kaltea.
Osasun Sailaren arabera, azken urteotan pazienteen presentzia sustatzen ari da ikerketaren esparruan, eta horrek hainbat gaixotasunen aurrean lortutako emaitzak hobetzea ekarri du, patologia jakin batzuei aurre egiteko abiatu dituen estrategietan pazienteak inplikatzeko esperientzia arrakastatsuekin.
Orain, ekimen berriaren bidez, Osasun Sailak aurrerapauso bat eman nahi du, saiakuntza klinikoetan banaka parte hartzeaz harago, elkarteen bidez pazienteak inplikatuz erabaki estrategikoak hartzean, hau da, osasun ikerketaren gobernantza prozesuan.
"Parte hartzean egindako jauzi kualitatibo horrek berekin ekarriko luke pazienteek eta haien senideek osatutako elkarteek modu aktibo, egonkor eta antolatuan parte hartzea balioan oinarritutako ikerketa eta medikuntza estrategien zehaztapenean, saiakuntza klinikoetan eta ikerketa proiektuen ebaluazioan, osasun ikerketako institutuetako aholku batzordeetan, etika batzordeetan edota osasun sistemako zerbitzu zorroan sartzen diren teknologien ebaluazioan", azaldu du.