Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hotel establezimenduek 197.170 sarrera eta 365.844 gaualdi zenbatetsi dituzte urtarrilean, hau da, 2023ko hilabete berean baino %3,0 eta %3,4 gehiago, Eustat euskal estatistika erakundearen datuen arabera.

Urtarrileko sarreren %33,5 eta gaualdien %36,0 atzerritar jatorriko poertsonenak izan dira, sarreren kasuan %10,5eko igoera eta gaualdienean %15,2koa izan ondoren.

Lurraldeka, Araban 29.671 sarrera eta 61.348 gaualdi erregistratu dira, aurreko urteko urtarrilean baino %5,5 eta %8,1 gehiago, hurrenez hurren; Gipuzkoan 81.910 sarrera zenbatetsi dira, %9,5 gehiago, eta, ondorioz, 149.303 gaualdi izan dira, aurreko urteko hil berean baino %11,0 gehiago; Bizkaian, aldiz, sarrerak %3,3 eta gaualdiak %4,6 jaitsi dira, 85.589 sarrera eta 155.193 gaualdi izan ondoren.

Hiriburuei dagokienez, sarreren kopuruak %5,8 egin du gora Gasteizen eta %12,1 Donostian; Bilbon, berriz, %3,6 egin du behera. Ostatu gauetan, aurreko urteko urtarrilaren aldean, %10,4ko igoera izan da Gasteizen eta %14,4koa Donostian; Bilbon, aldiz, %4,0 jaitsi dira.

EAEko hotel establezimenduetako batez besteko egonaldia 1,86 egunekoa izan da urtarrilean, aurreko urteko hil berean baino zertxobait handiagoa, orduan 1,85 egunekoa izan baitzen. Betetze maila %38,5ekoa izan da plazen arabera neurtuta, eta %48,1ekoa logelen arabera neurtuta; 2023ko urtarrilaren aldean, %1,3 eta %2,4 puntuko igoerak izan dira, hurrenez hurren.

Azkenik, eguneko batez besteko tarifa 75,74 euro izan da urtarrilean EAEn, ostatu erregimeneko edo ADR erregimeneko gela bikoitz bati aplikatuta, hau da, %3,9 igo da aurreko urteko urtarrilaren aldean. ADRa 80,41 euroan kokatu da Bizkaian, 76,39 euroan Gipuzkoan eta 61,45 euroan Araban; hiriburuetan artean, ADRrako lortutako balioa 86,84 eurokoa izan da Bilbon, 84,51 eurokoa Donostian eta 58,54 eurokoa Gasteizen.