Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak ziurtatu du enpresaren munduan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatzea "berrikuntzarako elementu bat" dela.
Emakumeak enpresa eta erakundeen kudeaketan topaketan parte hartu du Melgosak, Donostiako Aquariumean, besteak beste, Miren Elgarresta Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariarekin batera, Emakundek Arizmendiarrieta Fundazioarekin batera antolatu baitu topaketa, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan.
Jardunaldiaren helburua izan da emakume zuzendariek enpresen eta erakundeen kudeaketa hobetzeko egindako ekarpenen balioa eta pertsonei eta erakundeei genero ikuspegia duen eta emakumeak benetan integratzen dituen kudeaketa baten abantailak nabarmentzea.
"Enpresaren munduan berdintasuna sustatzea berrikuntzako, kalitateko, kudeaketa aurreratuko eta etengabeko hobekuntzako elementutzat hartu behar da", azpimarratu du Melgosak.
Halaber, Lanaren Nazioarteko Erakundeak 70 herrialdetako konpainietan egindako azterketa bat izan du hizpide. Ikerlanean egiaztatu da zuzendaritza postuetan emakumeen presentzia sustatu duten lau enpresatik hiruk irabaziak %5etik %20ra igo dituztela.
"Gainera, elkarrizketatutako enpresen %57k nabarmendu du horrek lagundu ziela talentua zuten profesionalak erakartzen eta atxikitzen eta sormenaren, berrikuntzaren eta irekitasunaren arloan hobetzen", azaldu du.
Hori dela eta, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak enpresa kultura berri baten aldeko apustua egitera animatu ditu enpresak, "emakumeak, haien beharrak eta ekiteko edo mailaz igotzeko dituzten baldintzak kontuan hartuko dituena".
Berdintasunari dagokionez enpresek dituzten betebehar berriak kontuan hartuta, berditasuna bultzatzeko Emakundek enpresen eskura jartzen dituen tresnak gogorarazi ditu Melgosak, hala nola neurrien diseinua errazteko aholkularitza, berdintasun diagnostikoak eta planak egiteko laguntza ekonomikoak, Euskalitekin eta EHUrekin aliantzak edo Bai Sarea enpresen arteko sarea.
Azkenik, sailburuak Emakunderen Berdintasun Eskolan parte hartzeko deia egin du, eta eskola horren prestakuntza eskaintzan enpresentzako berdintasun planei buruzko ikastaro bat sartu dela gogorarazi du.