'Gasteiz Hobetuz' udal aurrekontuaren zati bati buruz erabakitzeko herritarren partaidetzarako programaren bigarren fasea martxoaren 4tik 24ra egingo da, eta 84 proposamen bideragarri argitaratuko dira eta herritarrek haien artean bozkatu beharko dute.

Gasteizko Udaletik jakinarazi dutenez, programaren aurtengo ediziora 228 proposamen aurkeztu dira eta, udal teknikariek aztertu ondoren, 111 bideragarriak direla ezarri da. Jarraian, 27 proposamen bateratu dira, interes bera edo oso antzekoa zutelako, eta azkenean, 84 proposamen bozkatuko dituzte herritarrek martxoaren 4tik 24ra.

Bigarren fasera igaro diren 84 proiektuak aztertuta, 56 norbanakoek bultzatu dituzte (%66,6), eta gainerako 28ak elkarteek, kolektiboek edo taldeek aurkeztu dituzte (%33,3).

Zonen araberako eraginari dagokionez, 18 proposamen udalerri osoan eragina duten jarduketei buruzkoak dira, eta gainerakoak hiriko 31 auzoetan banatzen dira, Lakua-Arriagak eta Zabalganak bilduz proiektu bideragarri gehienak.

Proposamen bideragarrien zerrenda https://www.vitoria-gasteiz.org/wb021/was/contenidoAction.do... web orrian kontsulta daiteke. Bozketa aldia hastearekin batera, martxoaren 4an bertan proposamenak xehetasunez argitaratuko dira, herritarrek sakon ezagutu ditzaten. Bideragarritzat jo ez diren proposamenen kasuan, erabaki hori hartzeko motibazio teknikoa deskribatuko da, programan ezarritako irizpideen arabera.

Proposamenak bozkatzeko fasea martxoaren 4tik 24ra arte egongo da zabalik. Gasteizen erroldatuta dagoen 16 urtetik gorako edonork eman ahal izango du boza eta proposamen bideragarri guztien artean hiru babestu beharko ditu. Aurrez aurre, telefonoz edo sarean bozkatu ahal izango da.

Miren Fernandez de Landa Gasteizko Udaleko Gobernu Irekiko eta Gizarte Etxeetako zinegotziak bozkatzeko aukera izango duten proiektuak ezagutzera animatu ditu herritarrak.

"Parte hartzeko programa hau tresna garrantzitsua da, eta aurreko edizioetan ere frogatu da. Horri esker, herritarrek zuzenean eta aktiboki parte har dezakete aurrekontuetan erabakiak hartzerakoan, beren auzorako edo hiri osorako proiektuak proposatuz eta bultzatuz. Horregatik, aukera aprobetxatu behar da proposamenak egiteko eta, orain, martxoaren 4an epea ireki bezain laster bozkatzeko", adierazi du.