Síguenos en redes sociales:

Gasteizko Udalak 370 tona baino gehiago bildu ditu hostoak jasotzeko kanpainan

Gasteizko Udalak 370 tona baino gehiago bildu ditu hostoak jasotzeko kanpainanCedida

Gasteizko Udalak amaitu du hostoak biltzeko urteko kanpaina eta 370 tona baino gehiago jaso ditu hiriko kaleetan. Kontrataturiko PreZero-Onaindia aldi baterako enpresen batasuneko langileek azken 16 asteotan egin dituzte lan horiek, eta "zuhaitzetatik eroritako hostoak kendu eta bideen eta espazio publikoaren egoera eta segurtasuna bermatu dituzte", Ingurumenn zinegotzi Pascual Borjak adierazi duenez.

Bildutako hosto guztiak Jundizko tratamendu mekaniko biologikoko instalaziora eraman dituzte. Urtero, kalitate handiko 1.000 tona konpost baino gehiago sortzen dute bertan eta gero hirira itzuli lurrak berreskuratzeko edo lorezaintzako erabilera osagarrietarako.

Hirian zerbitzua eman duten enpresek giza baliabide eta bitarteko material ugari bideratu dituzte lanotara. "731 lanaldi egin dituzte laneko hiru txandatan banatuta: hiru goizeko ordutegian, bi arratsaldeko ordutegian eta bat gauez. Galtzadak garbitzeko makina batek eta haize makina elektrikoak edo errekuntza bidezkoak osatu dute talde bakoitza, garbitu beharreko zonaldearen arabera", zehaztu du Borjak.

Era berean, eta erabilitako baliabideen errendimendua handitzeko, 'bobcat' motako mini kargatzaile bat ere erabili dute eta oso erabilgarria izan da hosto gehien pilatuta zituzten eremuetan, lanaldi berean tona bat hosto biltzera ere iritsi baita.

Hostoak kentzeko kanpaina abian egon den 16 asteetan "eragin handia" izan du uztailaren 6an gertatutako aparteko harri erauntsiak. "Zuhaitzetako adar ugari hautsi zituen, eta horrek hostoak modu masiboan erortzea eragin zuen", gogorarazi du.

Sortutako hondakin mota horrek izandako ezohiko gorakada dela eta, gero tratamendu instalaziora eramateko bildutako hostoak uzteko erabiltzen diren edukiontziak jasotzeko zerbitzuak ugaritu dira, eta tona horiek guztiak garraiatzen lagundu du aparteko talde batek.