Euskaltel telekomunikazioen operadoreak eta ADP zuzendaritzaren aurrerapenaren aldeko elkarteak bien arteko lankidetza hitzarmena berretsi dute, eta, horri esker, elkarteko bazkide diren Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako 670 ETEk baino gehiagok beren zibersegurtasuna indartuko dute aurten.
Hala, Europa Press agentziatik azpimarratu dutenez, Eduardo Junkera APD Norte-ko presidenteak eta Jon Ander de las Fuentes Euskaltel telekomunikazioen operadoreko zuzendari nagusiak aste honen hasieran sinatu dute bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmena, eta, hala, sendotu egin dute "konfiantzan oinarrituriko hamarkada bateko elkarlana", nabarmendu dutenez.
Balioa sortuko duten ekimenak
Horrela, ADPko kideentzat balioa sortuko duten ekimenak garatzeko hitzarmena berritu eta eguneratu dute, eta, aldi berean, Euskaltelek Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako enpresa ingurunearekin duen konpromisoa berretsi du. Hitzarmenak ezagutza, esperientzia eta tekniken truke bateratua bultzatzen du, eta 2024rako helburua izango da ETEen zibersegurtasuna areagotzea eta hori lortzeko behar diren tresnak eskaintzea enpresen giza taldeari.
De las Fuentesek APDrekiko lankidetzari buruzko balantze oso positiboa egin du: "Euskaltelen iritziz, funtsezkoa da euskal ETEen segurtasuna handitzeko ahalegina egitea. Digitalizazioa urrats handiak egiten ari da etengabe, eta prest eta ondo babestuta egon behar dugu gure lanak segurtasunez eta konfiantzaz egiten jarraitu ahal izateko. Euskalteleko adituek egingo dute hori guztia, modu guztiz praktikoan, horretarako antolatutako jardunaldietan".
Helburu hori betetzeko, APD Norte-k eta Euskaltelek zenbait trebakuntza saio eta ekitaldi antolatu dituzte elkarteko bazkideentzat, enpresok aukera izan dezaten zibersergurtasuna modu eraginkorrean kudeatzen eta martxan jartzen ikasteko. Enpresen eraldaketa digitalean duen esperientzia aditua eskainiko du Euskaltelek, eta nabarmenduko du oso garrantzitsua dela zibersegurtasuna zaintzea gaur egungo testuinguruan, non funtsezkoa baita aldaketetara azkar egokitzea eta enpresak egungo mehatxuetatik babestea.
Hala, urtean zehar zenbait hitzordu izango dira, non enpresek aukera izango baitute mundu konektatuan dituzten erronken berri emateko. Halaber, zibersegurtasunari buruzko informazioa jasoko dute, zibererasoen ondorioak izango dituzte hizpide, eta, horrez gain, zibersegurtasuna modu eraginkorrean kudeatzeko gida erabilgarri bat ere ezagutuko dute; gida hizkera ez-teknikoan azalduko zaie, modu praktikoan betiere, ETEen egoera eta gaitasunak aintzat harturik.