Síguenos en redes sociales:

Hezkuntzako LEPak 2.700 pertsona baino gehiago bildu ditu BECen

Hezkuntza Sailak dagoeneko 3.300 irakasle-lanpostu baino gehiago egonkortu ditu merezimenduak aitortzeko sistemaren bidez

Hezkuntzako LEPak 2.700 pertsona baino gehiago bildu ditu BECenUtzita

Zenbait kidegotako 2.004 lanpostu betetzeko Hezkuntza Sailaren Lan Eskaintza Publikoak bigarren jardunaldia izan da asteburu honetan. 2.737 pertsonak egin dute azterketa atzo BECen: % 60 emakumeak eta % 40 gizonak. Oraingoan, 1.258 lanpostu betetzeko (lehen aipatu ditugun 2.004 lanpostuetatik) hitzordua duten hautagaiak dira. Lanpostu gehienak Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoari dagozkio (1.245), bederatzi lanpostu Arte Plastiko eta Diseinuko irakasleen kidegoari eta beste lau lanpostu Musika eta Arte Eszenikoetako irakasleen kidegoari.

Proba horiek bi hautatze-prozeduraren bidez ari dira egiten: oposizio-lehiaketa arrunta eta aldi baterako enplegua egonkortzeko oposizio-lehiaketa (oposizio-lehiaketa ez baztertzailea). Hautatze-prozesu horren faseak egiteko eta ebaluatzeko (irakasle-kidego horietan guztietan, eta gaurko zein joan den larunbateko probetarako) 83 epaimahai eratu dira, eta epaimahai horiek 400 aditu inguruk osatzen dituzte.

Urriaren 21a, 746 maisu-maistren kidegorako 746 lanpostu

Joan den larunbatean, urriaren 21ean, BECen 4.862 izangai bildu ziren (% 79 emakumeak eta % 21 gizonak) Maisu-maistren kidegorako azterketak egiteko (Haur eta Lehen Hezkuntzarako).

Joan den larunbateko deialdia ebatziko da Haur eta Lehen Hezkuntzako etapetarako irakasleen kidegoa osatzeko 746 lanposturen esleipenarekin (Lan eskaintza Publiko honetako 2.004 lanpostuetatik).

Egonkortze-prozesua, behin-behinekotasuna % 5etik behera

Urriaren 21ean eta 28an, BECen egiten ari diren proba hauek beste urrats bat dira Hezkuntza Saila zenbait deialdiren bidez egiten ari den egonkortze-prozesu zabalean, Eusko Jaurlaritzatik azpimarratu zutenez. Egonkortze-prozesu horri esker, bitarteko irakasle gutxiago izango dira eta, hartara, egonkortasuna emango zaie sare publikoko ikastetxeei. Deialdi horietako gehienak merezimenduak aitortzeko sistemaren bidez egin dira edo egingo dira.

Hala, "egonkortze-prozesu horiek amaitzen direnean, bitarteko irakasleen tasa % 5era hurbilduko da egitura-lanpostuetan, Europar Batasunak ezarritako % 8ko helburuaren azpitik".

Zehazki, "merezimenduak aitortzeko sistema horren bidez, 3.300 irakasle-lanpostu baino gehiago egonkortu dira, eta dagoeneko abian da Hezkuntza Berezirako 520 lanpostu egonkortzeko prozesua —hori ere merezimendu-lehiaketa bidez—.Era berean, laster emango zaio hasiera sukaldeko eta garbiketako langileak egonkortzeko prozesuari, 480 lanposturekin".

Gainera, 2023-2024 ikasturte honen hasieran —joan den irailaren 1ean—, eta dagokien probaldia gainditu ondoren, karrerako funtzionario gisa sartu dira 2021eko ekaineko Lan Eskaintza Publikoaren bidez lanpostua lortu zuten mila irakasle inguru (901 zehazki).