Ertzaintzak goranzko joera hauteman du finantza-iruzurren salaketetan, neurri batean gora egiten ari direlako Internet eta tresna teknologiko berrien bidez egiten diren inbertsio-jarduerak. Jarduera honek aldaketa handiak izan ditu azkenaldian eta, gaur egun, edonork egin ditzake inbertsioak bai aktibo tradizionaletan bai digitaletan, eta horien artean daude ezagunenetako batzuk, kriptodiruak. Merkatu digital hori oraindik arautzeko prozesuan dago, eta inbertsio-aukerak ez daude iruzurretatik salbu. Hori dela eta, Ertzaintzak aholku batzuk eman ditu arriskuak saihesteko, bai eta era honetako ziberdelituen biktima izanez gero jarraitu beharreko pauta batzuk ere.

Finantza- edo inbertsio-iruzurrak pertsona bat dirua inbertitu dezan konbentzitzeko erabiltzen diren jarduera iruzurtiak dira. Maula burtsako baloreekin, bonuekin, oinarrizko produktuekin edo, gaur egun ohikoena dena, kriptodiruarekin, egin daiteke.

Azken urteotan, era horretako iruzurrak gora egiten ari dira teknologia berriek ematen dituzten aukeren ondorioz. Gaur egun, inbertsio bat egin nahi duen jende askok bilatzen ditu informazioa eta aholkuak sare sozialetan, eta badira inbertsio-zerbitzuak eskaintzen eta ematen dituzten “erakunde piratak”, horretarako baimenik izan gabe, eta aipatutako joeraz baliatzen dira biktima izan daitezkeenak aurkitzeko.

Ustezko inbertsio-enpresek jarraitzen duten modus operandia izaten da inbertsiogileak erakartzea komunikabideetan, web-orrietan edo sare sozialetan txertatutako publizitate-iragarkien bitartez, beste pertsona batzuek, baita ospetsuek ere, denbora gutxian, finantza-produktu berrietan inbertituta, diru asko irabazi dutela aditzera emanez. Biktimarekin harremanetan jartzen direnean, euren dirua inbertitzeko eskatzen zaie, epe laburrera irabazi ekonomiko handiak izango dituztela aginduz.

Helburua inbertitzailearen konfiantza lortzea da eta, horretarako, profesionaltasun eta sinesgarritasun itxura eman nahi izaten dute, diru-kopuru handiagoak inbertitu ditzaten. Tresna ezberdinak erabiltzen dituzte, besteak beste, legezkoa dirudien web-orri bat, eta bezeroari kontu bat sortzen diote web-orrian, kontratuak formalizatzen dituzte, eta abar. Gainera, arreta pertsonalizatua ere ematen dute eta, esate baterako, izapide guztiak inbertsio-zerbitzuak emateko baimendutako enpresa bat izango balira bezala egiten dituzte.

Iruzurgileak biktima konbentzitzen du bere gailu mugikorrean edo ordenagailuan programa bat instalatzeko, horren bidez biktimak bere inbertsioak kontrolatu ahal izango dituela esanez, baina berez ziberdelitugileek dute biktimaren gailua kontrolatzeko eta bere izenean jarduteko ahalmena.  

"Ziberiruzur horren biktimak, normalean, inbertitu behar duen diruaren transferentzia egiten du, baina berreskuratzen saiatzen denean era guztietako trabak jartzen dizkiote eta diru gehiago ere eskatzen diote inbertitu duen dirua berreskuratzeko, eta, era horretara, iruzur egiten jarraitzen dute. Kasu askotan, iruzurra salatu ondoren ere, biktimak nazioarteko edo nazioko telefono-zenbakietatik deiak jasotzen jarraitzen du inbertsioa berreskuratu ez izanaren arrazoi ezberdinak emanez. Kasu batzuetan esaten diote iruzurra egin zuen pertsona kaleratu egin dutela, eta hari leporatzen dizkiote atzerapenak, eta, era horretara, berriz ere biktimaren konfiantza berreskuratzen dute. Kasuren batzuetan abokatu-bulego baten plantak egiten dituzte eta diru gehiago eskatzen dute iruzurgileak salatzeko, edo beste edozein aitzakia asmatzen dute biktimari beste ordainketaren bat eskatzeko", Ertzaintzaren esanetan.

Normalean, iruzurgileak atzerriko herrialderen batean egoten dira, eta horrek zaildu egiten du Ertzaintzaren ikerketa.

Hiru alerta-seinale, Ertzaintzak azaldu duenez,

  • Errentagarritasun handia agintzen dute oso arrisku txikia hartuta edo batere arriskurik hartu gabe. Orokorrean, errentagarritasun handiko inbertsioek arrisku handia hartzea eskatzen dute, eta errentagarritasun baxuko inbertsioetan, aldiz, arriskua txikiagoa izaten da.
  • Presio egiten da inbertsioa lehenbailehen egiteko. Iruzurgileek askotan erabiltzen dituzte presio handiko salmenta-taktikak, biktimaren dirua eskuratu eta beste biktima batzuekin gauza bera egitera pasatu nahi baitute.
  • Inbertsioa eskaintzen duen pertsona edo enpresa ez dago erregistratuta Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalean (CNMV), Espainiako Bankuan edo Aseguruen eta Pentsio Funtsen Zuzendaritza Nagusian.

Inbertitu aurretik kontuan izan behar diren Ertzaintzaren aholku batzuk

  • Inoiz ez dugu eman behar gako edo datu pertsonalik beste aldean nor dagoen ez badakigu. Ez dugu onartu behar gure gailuetan programak edo aplikazioak instalatzea.
  • Inbertitzera bultzatzen gaituen enpresari buruzko daturik ez badugu, gutxieneko egiaztapen batzuk egin behar ditugu eta informazioa bilatu behar dugu Interneten, arriskua murrizteko. Garrantzitsua da CMNVko, Espainiako Bankuko edo Aseguruen eta Pentsio Funtsen Zuzendaritza Nagusiko erregistroak egiaztatzea.  
  • Ez dugu fidatu behar ezezagun batek gure inbertsioen kargu egingo dela esaten badigu.  Diruaren jabeak diruaren kontrol osoa izan behar du, bai eta nahi duenean erretiratzeko aukera ere.
  • Iruzurra gauzatuz gero, garrantzizkoa da iruzurgileekin era guztietako loturak etetea, eta inola ere ez bidaltzea diru gehiago.
  • Kriptodirua eta exchangeak erregularizatzeko prozesuan daude eta oraindik ez dute beste broker batek edo balore-merkatuak duten gardentasunik. Horren ondorioz, iruzurraren arriskua handiagoa da.
  • Ez dugu fidatu behar sekulako etekinak ziurtatzen dizkiguten dei, iragarki edo pertsonez.