Sevillako Biomedikuntza Institutuak (Virgen del Rocío Unibertsitate Ospitalea/CSIC/Sevillako Unibertsitatea) Euskal Herriko Unibertsitatearekin, Biofisika Institutuarekin, Donostia International Physics Centerrekin eta Espainiako eta nazioarteko beste zentro entzutetsu batzuekin berriki egindako lankidetza baten emaitza gisa, tresna berri baten berri argitaratu da Cell Reports Methods aldizkarian: CartoCell, eduki handiko 3Dko irudiak aztertu eta morfologia zelularraren patroi ezkutuak erakusten dituen tresna bat. Kode irekiko softwarea da, eta aplikazio-potentzialitate handia du, bai oinarrizko zientziarako (dagoeneko probatu da), bai garapen kliniko eta medikorako.
Patroi ezkutuen bila
Naturako beste egitura batzuek bezala, animaliek eta landareek badituzte erraz hauteman ditzakegun zenbait patroi: zebren marrak eta jirafaren eta dortoka-maskorraren poligonoak, adibidez. Patroi horien guztien ezaugarria da makroskopikoak izatea. Baina fenomeno hori bera gertatzen da maila mikroskopikoan ere, ehunetan. “Patroi horiek enbrioiaren garapenean ere agertzen dira”, azaldu du lanaren egileetako batek, Luis M. Escuderok, Sevillako Biomedikuntza Institutuko (IBiS) ikerlaria eta Sevillako Unibertsitateko irakaslea bera. “Adibidez, badira zenbait gene txandakako marra-patroitan espresatzen direnak eta funtsezkoak direnak intsektuen segmentuak ezartzeko”. Patroi horietako asko ezagunak dira eta oso aztertuak daude; hala ere, oraindik asko dago ezagutzeko.
“Gure lanean, oraindik ezkutuan zeuden patroi batzuk aurkitu ditugu… Ehunen irudi mikroskopikoak aztertzeko adimen artifizialeko tresnak erabiltzean bakarrik aurkitu ahal izan dira. Ikusi dugu zenbait egitura oso sinpletan ere asimetriak daudela zelulen morfologian. Horrela hasten da morfogenesia”. Morfogenesia organismo batek bere forma eta egitura garatzea eragiten duen prozesu biologikoa da. Enbrioi-garapenaren funtsezko etapetako bat da, eta zelula bereiziak egitura espezifikoak eta, batzuetan, organo osoak osatzeko antolaketari eta banaketa espazialari dagokio.
CartoCell, epitelio-ehunak kartografiatzeko tresna
“CartoCell software-tresna bat da aukera ematen duena mikroskopioan lortutako 3Dko irudi asko azkar eta automatikoki prozesatzeko, zelula mailako epitelio-ehunak berregiteko eta aztertzeko”, dio Escudero doktoreak. Bestela esanda, tresna digital hori gai da informazio asko automatikoki lantzeko, eta espezializatuta dago ehunetan patroiak, formak, banaketak eta egiturak bilatzeko, irudietatik abiatuta.
Argitu duenez, CartoCellek sare neuronalen ahalmena erabiltzen du; bereziki, mikroskopio-irudietan hiru dimentsioko zelulen identifikazioa optimizatzeko diseinatutako sare neuronal artifizial bat. CartoCellen abantaila nagusia da zelula bakoitzak epitelio-ehunean duen forma eta banaketa identifika eta azter dezakeela, eta aukera ematen duela ehun-mota bakoitzari lotutako patroiak aurkitzeko.
“Ehuneko zelula bakoitza leialtasun handiz berreraikitzen da, eta, horri esker, haren forma nahiz banaketa espaziala azter ditzakegu. Hala, CartoCellek ehun- eta zelula-motei lotutako patroiak aurkitzea ahalbidetzen digu, baita haien paketatze-arauak aztertzea ere”. Oraingoz, oinarrizko zientziako azterketarako erabili da softwarea, eta zelulen morfologia ehun-mota bakoitzaren irudiekin kartografiatzeko aukera eman du. “Horrela, patroi ezkutuak modu erraz eta oso bisualean aurkitu ahal izan ditugu”, jarraitzen du ikertzaileak, “hori funtsezkoa baita zelulek kontaktu estua duten epitelio-ehunen antolaketa aztertzeko”.
Baina, patroi ezkutuen eta ehunen ikerketa biologikoen esparrutik harago, CartoCellek potentzial handia du aplikazio klinikorako ere. “Biomedikuntzan, lagin asko azkar eta modu fidagarrian aztertzeko aukera izatea, CartoCellek egiten duen bezala, ezin hobea da organoide epitelialen kultiboen erreproduzigarritasuna ebaluatzeko [organo txiki bat simulatzeko sortutako ehun txikiak dira organoideak] eta baldintza normalen eta patologikoen arteko konparazio zehatzak egiteko. Adibide sinple bat jartzearren”, jarraitu du ikertzaileak, “gure metodoak onura ekar dezake medikamentuek animalien edo gizakien ehunetan duten eragina aztertzeko. Guk egiten dugun irudien azterketa aurreratuan, zelula mailako aldaketa sotilak hauteman daitezke, epe luzera garrantzitsuak izan daitezkeenak, botika bakoitzak gaixotasun jakin baten aurka duen efektuari dagokionez”.
Sare neuronalak eta kode irekia muinean
CartoCellen bihotza sare neuronal artifizial bat da. Sarearen arkitektura aurrez garatutako beste eredu batzuetatik abiatuta diseinatu da; ereduok Biofisika Institutuko bioirudirako ikusmen artifizialaren ikerketa-taldeak eta Donostia International Physics Center (DIPC) erakundeak garatu zituzten, Euskal Herrian. “Eredu horiek moldakortasun eta sendotasun handia erakutsia zuten hainbat eratako mikroskopia-irudietako antzeko arazoetarako (mikroskopia elektronikoa eta mikroskopia konfokala, besteak beste)”, azaldu du Ignacio Arganda doktoreak; bera da talde horretako burua, eta Euskal Herriko Unibertsitateko Informatika Fakultateko Ikerbasque ikertzailea. “Zehazki, arkitektura eta sortzen dituen irteera-irudiak egokitu egin ziren mikroskopia-tekniken bidez lortutako hiru dimentsioko zelulen identifikazioa optimizatzeko”.
“Sare neuronal artifizial guztiek bezala”, jarraitu du, “gureak entrenamendu-multzo deritzona behar du proposatzen diogun lana egiten ikasteko. Gure kasuan, lan hori epitelio-zelulak hiru dimentsioko irudietan identifikatzea (edo “segmentatzea”) da. Normalean, sare neuronal batek oso datu-multzo handia eta heterogeneoa behar du lan hori orokortu eta zehaztasunez egiteko gai izango bada. Multzo hori eraikitzeko, eskulan handia egin behar da, entrenamenduko 3D irudietako zelula guztiak banan-banan “margotu” beharko bailirateke.