Eustaten datuen arabera, 2023ko lehen hiruhilekoan 1.037 ezkontza izan ziren Euskal AEn, hau da, iazko hiruhileko berean baino % 1 gutxiago (1.048). Ezkontza guztietatik, 997 ezkontza heterosexualak izan ziren, eta 40 sexu bereko pertsonen artekoak: 23 emakumeen artekoak eta 17 gizonen artekoak.
Hileka, urtarrilean eta otsailean % 4,9 eta % 21,3 jaitsi ziren ezkontzak, hurrenez hurren. Aitzitik, martxoan ezkontzak % 15,2 igo ziren, 2022ko martxoaren aldean. Datu horiek eta 2019ko hiruhileko bereko datuak alderatzen baditugu, pandemiaren aurrekoak, 1.015 ezkontza, % 2,2ko igoera gertatu da.
2023ko lehen hiruhilekoan, 100 ezkontzatik 96 baino gehiago zibilak izan ziren: % 96,8. Ehuneko hori % 95,5 izan zen 2022ko hiruhileko berean.
2023ko lehen hiruhilekoan izandako 1.037 ezkontzetan, Euskal AEn bizi ziren 977 gizon eta 989 emakume ezkondu ziren, eta gainerako ezkontideak kanpoan bizi ziren. 774 senarrentzat (% 79,2), lehen ezkontza izan zen; 189 dibortziatu eta 14 alargun, aldiz, berriro ezkondu ziren. Lehen aldiz ezkondu ziren emakumeen ehunekoa gizonen ehunekoaren antzekoa izan zen. Izan ere, ezkongabeak 782 izan ziren (% 79,1), dibortziatuak 194 eta alargunak 13.
Ezkontzak ezkontideen adinaren arabera banatuz gero, senarren artean, % 89,8k 30 urte edo gehiago zituzten; emazteen artean, berriz, ehuneko hori % 84,2ra jaisten da. Iazko aldi berarekin alderatuta, proportzio horrek gora egin du gizonen kasuan (% 89,7 2022an), eta behera emakumeen kasuan (% 86,4 2022an).
Atzerriko nazionalitatea duten ezkontideen ehunekoak behera egin du
2023ko lehen hiruhilekoan, emakume ezkonberrien % 27,4k eta gizon ezkonberrien % 20,2k atzerriko nazionalitatea zuten. Ehuneko hori pixka bat jaitsi da 2022ko aldi berarekin alderatuta, bai emazteentzat, bai senarrentzat, orduan % 27,9 eta % 20,3 izan baitziren, hurrenez hurren.