Gasteizko Udalaren Gazteria Zerbitzuak Gazte Arteren laugarren ediziorako sorkuntza-lan artistikoak aurkezteko epea ireki du. Lehiaketa 14 eta 25 urte arteko gazteei irekita dago. Lehen aldiz, Arabako Foru Aldundiaren laguntzari esker, Araban bizi diren, ikasten duten edo lanean ari diren pertsonek parte hartu ahal izango dute. Interesdunek irailaren 25etik urriaren 25era bitarte eman ahal izango dute izena.

Gazteentzako arte-lehiaketa gaur goizean aurkeztu dute prentsaurrekoan eta bertan izan dira Gazteriaren zinegotzia, Ana López de Uralde; Gazteriaren Foru Institutuko zuzendaria, Juan José Rojo; eta 2019ko Gazte Arte lehiaketako irabazlea, Alba Tojo.

“Lehiaketa honetan, lanak prestatzeko prozesua artistekin zuzenean bizitzen da eta, horri esker, parte-hartzaileek arte arloko adituek tutorizatutako sorkuntza-prozesuak bizi ditzakete. Horrez gain, gure hiriko artista gazteak gaitzea eta ahalduntzea ahalbidetzen du haien garapen pertsonal eta profesionalean esperientzia eta segurtasun handiagoz aurrera egin dezaten”, azaldu du López de Uraldek.

Gazte Arte Gazteriaren Udal Zerbitzuaren gazteentzako Sortzen sorkuntza-eskaintzan sartuta dago eta hiru fasetan garatuko da: lehiaketa, tutoretzapeko sorkuntza eta erakusketa. Tematika librea da eta edozein modalitatetan parte har daiteke: pintura, eskultura, instalazioak, performancea, hiri-artea eta abar. Eskakizun bakarra dago: sorkuntza-lanak tailer irekiko formatuan egin beharko dira; hau da, publikoaren asistentziarekin.

Lehiaketak bi kategoria ditu: 14 eta 19 urte artekoentzat bat, eta 20 eta 25 urte artekoentzat beste bat. Lau proposamen sarituko dira eta irabazleek haien lana tutoretzapeko sorkuntza-prozesuan ekoitziko dute berriro. Hori egiteko alboan izango dituzte Gasteizko artista adituak eta aurreko edizioetan sarituak izan diren gazteak.

Tailerrak nahi dutenentzat zabalik egongo dira eta 2024ko urtarrilaren 2tik 7ra bitartean egingo dira Montehermoso Kulturuneko Ur Biltegian. Ekoitzitako lanak hemen egongo dira ikusgai otsailaren 2tik martxoaren 3ra bitarte: LABE Gazte Laborategia.

Bestalde, Gazteriaren Foru Institutuko zuzendariak, Juan José Rojok, honako hau nabarmendu du: “Gazteriaren Foru Institutuak argi du biharko Arabarako funtsezkoa da gazteen arteko sormena bultzatzea. Proiektu honek sorkuntza, tutoretza, erakusketa, erronka eta ikasketa bateratzen ditu. Hitz gutxitan esanda, gazteria sustatzen du. Eta nire ustez, horixe bera da erakundeok bultzatu eta babestu behar dugun ildoetako bat”.

Zuzeneko sorkuntza-tailerretan eta erakusketa kolektiboan parte hartzeko esperientzia izateaz gain, saridun bakoitzak 300 euro jasoko ditu. Gainera, katalogo batean jasoko dira lan irabazleak eta sortzaileen ibilbidea. Sorkuntza-lanak modu birtualean bisitatu ahal izango dira Udalaren webgunean.