Administrazioaren Modernizazioaren zinegotziak, Sonia Díaz de Corcuerak, azaldu du administrazioaren eta zerbitzu publikoen eraldaketa digitalean aurrera egiteko lau urteko agintaldi honetan bideratuko duen estrategia. Bere Sailaren ildo nagusiak garatzeko egindako agerraldian, Díaz de Corcuerak nabarmendu du eraldaketa ororen helburua dela pertsona kokatzea erdigunean, hark kudeaketak bizkorrago, erosoago eta modu eragingarriagoan egiteko eta komunikatzeko aukera izan dezan. “Gure helburu nagusietako bat izango da Udala digitalizatuago eta hobeto digitalizatuta egon dadin modernizazio-prozesua bultzatzea. Horri esker, barne-funtzionamenduan eta herritarrei eskaintzen dizkiegun zerbitzuetan eragingarritasun handiagoa lortuko dugu”. Hitz gutxitan esanda, helburua da “eraginkorragoak izatea, izapidetzeak gutxitzea, prozesuak automatizatzea eta kudeaketak erraztea” erakundean lan egiten dutenentzat zein herritarrentzat. Zinegotziak iragarritako konpromisoen artean, Herritarren Karpeta martxan jartzea dago. Horren bidez, pertsonek modu seguruan eskuratu ahal izango dute administrazioan irekitako espedienteei, jakinarazpenei eta prozedurei buruzko informazioa.

Horrekin lotuta, “arrakala digitala” geldiarazteak duen garrantzia azpimarratu nahi izan du. Izan ere, horren bidez aukera-desberdintasuna ere murriztuko litzateke, pertsona guztiek beren harremanetan teknologia berrien erabilera normaliza dezaten. Horretarako, “digitalizazio arloko prestakuntza-guneak bultzatuko dira eta, zehatzago esanda, Udalarekin egin beharreko izapideetarako prestakuntza espezializatua eskainiko da”.

Prozesu horrez gain, egungo profil profesionalak berrikusi beharra dago, “gero eta digitalagoa den gizartearen beharretara egokitu eta egunera daitezen. Pixkanaka bideratu beharreko eta adostutako prozesua izango da eta Udalean eraldaketa digitala bizkortzeko egokienak diren profilak definitzen joango gara. Helburua da ingurune berri honetan lan egiteko gaitasuna duten langileak izatea”, adierazi du. Hala, teknologia berrien erabilerarekin eta zibersegurtasunarekin lotutako guztian prestakuntza-plan espezifikoak garatuko dira. Adimen artifiziala aplikatzeko bidean aurrera egingo da, “pertsonak balio handieneko lanez arduratu ahal daitezen prozesuak erraztu eta automatizatu ahal izateko”, azaldu du Díaz de Corcuerak.

Barne mailan ere Langilearen Ataria delakoa garatuko dute, langileek barne mailako prozedura elektroniko guztietara sarbidea izan dezaten.

Agerraldiaren amaieran, Díaz de Corcuerak azpimarratu du iragarritako neurrien paketeak bi helburu dituela: alde batetik, “barne-funtzionamenduan eraginkortasuna hobetzea” eta, bestetik, “herritarrek Udalarekin duten harremanean zerbitzu hobea eskaintzea”.