Hirigintza bioklimatiko terminoak lurralde jakin baten, bertako espazio publikoaren eta eraikinen planifikazio integrala adierazi nahi luke, horren bidez bizitza komunitario eta pribaturako inguru egokia sortzeko.
Eskala handiko diseinu horrek kokapen egokia bilatzea, eta ingurune hurbila eta bolumen eraikiak tokiko klimaren eta urtaroen eta eguneko gorabeheren arabera taxuz egokitzea eskatzen du. Faktore anbiental garrantzitsuenak tenperatura, airearen hezetasuna, haizea eta -batez ere- intsolazioa dira. Beraz, bi egoera desberdin horiei eta beren aldaerei erantzun beharko die diseinu bioklimatikoak.
Zergatik da garrantzitsua hiria irispide bioklimatikoen arabera eraikitzea?
Aipatutako txostenean azaltzen denez, bi arrazoirengatik: Lehenik, kanpo-espazioetako mikroklima hobetu egiten du, eta horrek kasu bakoitzean erabilera-baldintzak hobetzea dakar. Bestalde, kanpoko mikroklimari eragindako onurek hobetu egiten dituzte eraikinen ondoko espazioak; hartara, nabarmen urritzen da eraikinen energia-beharra. Energia kutsagarri gutxiago kontsumitzen da, eta egokitze pasibozko elementu gehiago erabiliko dira.
Hala, eta ildo horretatik jarraituz, bi zatiz osatzen dira hirigintza bioklimatikoko eskuliburuak: Lehen zatian hiri jakin bateko klimaren ezaugarriak eta konfort termikoa (tenperatura-erosotasuna) lortzeko hilez hileko beharrak azaltzen dira, bai eta bide horretan garatu beharreko estrategia garrantzitsuenak. Bigarren zatian arazoen konponbide eta eraikuntza praktika egokiak biltzen dira fitxetan, aurrekoan aipaturiko estrategiak lortu asmodunak. Sustatzaile, arkitekto edo erabiltzaileen esku izango da egokien deritzonak hautatzea, betiere irizpide funtzional, estetiko edo ekonomikoen arabera.
"Eguzkia eta haizea kontuan hartuta eraikitzeak onura ugari ditu guztiontzat. Erabiltzaileentzat, murriztu egiten du energia konbentzionaleko gastua, eta aurreztu energia kutsagarriaren kontsumoa, betiere irizpide hauxe aintzat hartuta: gutxien kutsatzen duen energia erabiltzen ez dena da", azaldu eta gaineratzen dute Udaletik: "Sustatzaileentzat, eraikiko dituzten etxebizitzak hiriko CO2 isurketak Europako zuzentarauetako irizpide eta tokiko politiketan ezarritako mailetara egokituko dituztelako. Eta herritarrentzat oro har, hiriko kutsadura anbientala urritzen duelako (ondorioz baita hiriko bero-uharte efektua ere), atmosfera garbiago egongo delako eta guztion osasun-egoera hobetzea dakarrelako".