Beti pentsatu izan da animalien abandonatze-tasak gora egiten zuelako udako hilabeteetan. Nahiz eta hilabete horietan, tasak errekorra hausten duela ikus dezakegun, gero eta gehiago berdindu dira urte osoko hilabeteetako datuak. Gaur egun, ezin zaio urteko sasoi zehatz bati egoitzi animalien abandonoa.

Espainia animaliak abandonatzeko tasarik handiena duen Europako herrialdea da. Animaliak abandonatzeaz ari garenean, etxeko animaliei buruz ari gara, eta datu gehienek, txakurrei eta katuei egingo diete erreferentzia. Animaliak abandonatzeari buruzko datu eguneratuenak 2021ekoak dira, eta urte horretan 700 animali abandonatu ziren egunean. Urtero, 285.000 txakur eta katu jasotzen dira animalien babes-etxeetan.

Nafarroan urtero 700 txakur eta 850 katu inguru kalean uzten dira. Cedida

Nahiz eta azkeneko urteetan espainiar estatu osoan animaliak babesteko helburuarekin zenbait lege martxan jarri diren, gai honek ez du bezainbesteko arreta jasotzen, ezinezkoa delako animalien abandonatze-tasa ezagutzea autonomia erkidego bakoitzean. Hala ere, Nafarroari dagokionez, urtero 700 txakur eta 850 katu inguru kalean uzten direla estimatu daiteke. EAEn, berriz, datuak altuagoak dira eta ia 8.000 txakur eta katu abandonatzen direla esan daiteke. Datuak noranzko positibo baterantz egiten ari direla esatea berri ona izango litzateke, baina Nafarroako Animaliak Babesteko Fundazioko kidea den Maite Etxarteren hitzetan, haien zentroan “adopzioak baino abandonu gehiago daude”.

Udako datuei begira

Afinity-k urtero abandonoari buruzko ikerketa bat argitaratzen du eta honetan, beste datu batzuen artean, abandonoaren garapena datuetan zein izan den ikus dezakegu. Nahiz eta 2019tik 2020ra %6,64ko beherakada egon den, 2021etik 2022ra berriz gora egin du abandono-tasak (%1,02).

Pentsamendu orokor bat izan da animalien abandonoek gora egiten dutela udan. Hala ere, Etxartek esaten duen bezala, iraganeko kontu bat da hori. Gaur egun abandonoak ez dira epe zehatz batean kontzentratzen, nahiz eta urtarrilean, uztailean eta abuztuan abandono gehienak ematen diren.

Adoptatzaileek nahiago dute kume bat, animalia heldua baino. Cedida

Marisol Zubiaurre Gipuzkoako Animaliak eta Landareak Babesteko Elkarteko Zuzendaritza Batzordeko kidea da. Bera ere ados dago Etxarterekin udako datuei buruzko hausnarketan. Hala ere, puntualizazio bat egiten du: “Azken urteetan, udan berriz tasak gorantz egin duela ikus dezakegu, baina ez du zerikusirik duela 15 urte egiten ziren abandonu masiboekin”.

Datuek arrazoia ematen diete biei: urtarrilean jaso ziren animali gehien babes-etxetan, urteko %9,1a. Hilabete horri jarraituz, uztaila eta abuztua kokatzen dira, abandonoen %8,8 eta %8,9arekin. Aldiz, esanguratsuena dena hilabetez hilabete dagoen aldaketa txikia da. Jasoketa gutxien martxoan egin ziren, urteko totalaren %7,5. Konparazioa eginez, ematen den aldea ez dela ezta bi puntukoa ikus dezakegu.

Hala ere, biek onartu ahal dute udan erronka bereziei aurre egin behar dietela babes-etxeetatik: “Erronka nagusietako bat jendeari urte-sasoi honetan animalia bat adoptatzea ez dela batere larria ezta arazo bat ere azaltzea, ikusaraztea eta ulertaraztea da”, dio Maite Etxartek. Bai Zubiaurrek baita Etxartek ere, duela urte batzuk agertu ziren animalientzako hotelak aipatzen dituzte. Horiek ez ezik, “dog-friendly” (animaliekin lagunkoia, hau da, haien sarrera baimentzen dela) hotelak eta landa-etxeak gero eta gehiago dira, eta normalizatzen ari da gure animaliak ere oporretan gurekin etortzea.

Abandonoaren eta adopzioaren ezaugarriak

Katu gehiago abandonatzen dira txakurrak baino. Kontuan izanda abandonoak zenbakitzen direla babes-etxeetan ematen diren sarreren arabera, normala da katuen datua altuagoa izatea, katuen artean profil nagusiena kalean bizi diren horiek direlako. Txakurren kasuan, Etxarteren hitzetan, gehien abandonatzen direnak “tamaina ertaina eta handikoak” dira, eta bereziki, “mestizoak” direnak.

Adierazi den bezala, katu gehiago jasotzen dira, baina Zubiarrek esaten duen bezala, katu-kolonietatik etortzen diren horiengatik datua hain altua da. Bere hitzetan, abandonatzea bere esanahi osoan ulertzen badugu, txakur gehiago abandonatzen dira.

Heltzeko moduari begira, datuek diote ia animalien erdia aurkituak izaten direla (%44,7a). Gainera, heltzen direnen artean, esanguratsua da bakarrik %10,7a heltzen dela babes-etxera hor utziko duen familiarekin.

Adoptatzeko baldintzatzailei erreparatuz, adina izango da beti garrantzitsuena. Adoptatzaileek nahiago dute kume bat, animalia heldua baino. Hala ere, salbuespenak daude. Adibidez, 12 urteko Yorkshire bat, arraza zehatz bat duena eta tamaina txikikoa dena, erraz aurkituko du familia berri bat, Etxartek komentatzen duenaren arabera.

Marisol Zubiarrek bere babes-etxean txakur zaharrei bide bat aurkitzeko martxan jarri duten harrera eta adopzioaren artean kokatzen den modalitate bat aipatu du: “Harrera mugagabea, hau da, animalia "heldu" hori adoptatzen duen pertsonak, animaliak operazio bat bezalako osasun-arazoren bat izanez gero, ez ditu gastuak bere gain hartzen, babes-etxea arduratzen da”. Horrela, albaitaritza gastuei existitu ahal den beldurra ezabatzea lortzen dute.

Eta adopzioak, nolakoak dira?

Etxartek haien babes-etxean aurrera eramaten duten adopzio prozesuaren nondik-norakoak azaltzeko, aipatzen duen lehenengo pausua familiak haien webgunean begirada bat botatzea da: “Ondoren, familia horri txakur edo katuren bat gustatzen bazaie, gure instalazioetara etortzen da ezagutzeko eta paseatzeko, txakurren kasuan, edo katuen gunea bisitatzeko”. Zubiaurrek antzeko prozesua aipatu du, baina garrantzia eman dio animaliaren fitxa teknikoari: animaliaren izaera eta adina ezagutzea garrantzitsua da, baita adoptatuko duen pertsonaren bizimodua ere. Momentu horretatik aurrera, babes-etxeko langile batek aholkuak ematen dizkio familia berriari eta familiaren eta txakurraren edota katuaren arteko adaptaziorako erraztasunak bilatzen eta identifikatzen dira. “Animalia esterilizatuta ateratzen dira, txertatuta, txiparekin, parasitorik gabe eta osasun-txartela behar bezala duela”.

Lege berriaren bidez, animalien kontrako tratu txarrak jada ez dira bakarrik mugatzen etxeko animaliei. Orain, “animalia ornoduna” da lege barruan jasotzen den kontzeptua Cedida

Datuei begira, iraila-urrian egiten dira adopzio gehien, bai txakur zein katuen kasuan, eta babes-etxera heltzen diren momentutik etxe berri bat aurkitu arte igarotzen den denbora ezberdina da animaliaren ezaugarriak kontuan hartuta. Txakurkume bat bada, 2,8 hilabete ematen ditu animaliak babes-etxean, eta katu-kumea bada, 3,4. Txakurra heldua bada, 11,7 hilabete ematen ditu bataz-beste babes-etxean eta katuen kasuan, 12,5 hilabete.

Maite Etxartek dioen bezala, adopziorako prest dagoen norbait agertzen denean, adopzioak “arduratsuak, behin betikoak eta bizitza osorako” izan behar direla azpimarratzen dute.

Legeak, beharrezkoak baina murritzak

Animalien Ongizateari buruzko Legea aurtengo martxoan onetsi zen. Animalien kontrako tratu txarrak 1995ean sartu zen Kode Penalean. 2010ean eta 2015ean egindako erreformak eta gero, animalien kontrako hiru delitu mota aitortu ziren: tratu txarrak, sexu esplotazioa eta abandonua.

Lege berriaren bidez, animalien kontrako tratu txarrak jada ez dira bakarrik mugatzen etxeko animaliei. Orain, “animalia ornoduna” da lege barruan jasotzen den kontzeptua. Hori ez ezik, animalien kontrako tratu txarren delituetan larrigarri berriak sartu dira eta lehen aldiz aukera moduan kautelazko neurriak kontuan hartu dira.

Tituluz titulu hainbat gai lantzen dira legean, esate baterako, bigarren kapituluan jorratzen diren animalienganako betebeharrak eta debekuak.

Etxartek legea beharrezkoa zela dio, eta pozik daudela “edozein animalien tratu txarren gaineko zigor ekonomiko eta penalen gogortzea” gauzatu izanagatik. Hala ere, ez daude ados ehiza- eta lan-txakurrak baztertzearen aldeko erabakiarekin: “Gobernuak ehiza-lobbyaren xantaien aurrean amore eman izana akats larria iruditzen zaigu”. Zubiaurrek bat egiten du Etxarterekin, eta bere hitzetan, “ehiztariek betebehar bera izan behar dute. Ehiztariek normalean txipik gabe izaten dituzte animaliak, osasun kartilarik gabe, kontrolik gabe hazten dituzte eta ehizarako egokitzat jotzen ez dituzten txakurrak abandonatu edo hiltzen dituzte”.

Maila autonomikoan, Nafarroan 2019tik lege berezi bat existitzen da. Etxarteren ustez, legea ondo dago, baina “ez du ezertarako balio gero hori betetzearen alde ez bada lan egiten”. Adibide moduan, Udalen jarrera azaltzen du: “Legeak dioenez, udalak arduratu behar badira beren lurraldeetan abandonatutako animaliez, kontzientzia eta erantzukizun handiagoa izan beharko lukete onetsita dagoen eta duela zenbait urte indarrean daramatzan lege bat betearazteko”.

Sektore honetan lan egiten duten bi kideak puntu berdinean ados daude: animalien abandonatze datuengatik egoera hobetu dela esan dezakegu, baina oraindik lan handia gelditzen da aurretik, bai maila administratiboan, zein kontzientziazio lanetan ere.