Dibortziatutako edo legez banandutako populazioaren proportzioa hiru puntu baino gehiago hazi da 2001 eta 2021 artean, Eustat Euskal Estatistika Erakundeak egindako azken txostenaren arabera.

Hala, eta ildo horretatik jarraituz, Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleriaren % 44,2 (969.571 pertsona) ezkongabea zen 2021ean, Eustatek emandako datuen arabera.

Ondoren, kopuru aldetik, biztanleria ezkondua edo erregistratutako batasun bidez lotua (945.930 pertsona, % 43,1), alarguntasun-egoeran dauden biztanleak (155.419 pertsona, % 7,1) eta, azkenik, biztanleria dibortziatua edo legalki banandua (122.279 pertsona, % 5,6) daude.

Gizon eta emakumeentzako egoera zibilaren banaketak zenbait alde ditu, eta garrantzitsuena alargunei dagokie; izan ere, emakume alargunak % 11,8 dira eta gizon alargunak, % 2,1. Pertsona ezkongabeen kategoria kontuan hartzen badugu, berriz, gizon ezkongabeen proportzioa (% 47,9) emakume ezkongabeena (% 40,7) baino handiagoa da.

Lurralde-mailan, zenbait alde daude, eta Arabak du biztanleria ezkongabearen proportziorik handiena (% 46,1ekoa, % 44,2ren aldean, lurralde historikoetan); Bizkaiak du biztanleria alargunaren proportziorik handiena (% 7,9koa, % 7,1en aldean, oro har), eta Gipuzkoak Euskal AEren guztizkoaren proportzio antzekoenak ditu. Biztanleria dibortziatuaren edo legalki bananduaren proportzioa antzekoa da hiru lurraldeetan: % 5,3koa Gipuzkoan, % 5,8koa Bizkaian eta % 5,6koa Araban; bat datoz hiru lurraldeetako batezbestekoarekin. Azken 20 urteotan, pertsona ezkonduen proportzioak behera egin du eskualde guztietan, eta Arabako eskualde gehienak nabarmentzen dira: Arabako Errioxa (ehuneko –7,4 puntu), Añana (–5,6 puntu), Arabako Lautada (–5,3 puntu) Arabako Mendiak (–5,1 puntu). Bizkaian, jaitsiera handienak Durangaldean (–4,7 puntu) eta Enkarterrietan (–4,4 puntu), izan dira. Gipuzkoako eskualdeetan, jaitsierak ez dira hain handiak izan, eta Debabarrena (–4,2 puntu), eta Bidasoa Beherea (–3,6 puntu) nabarmentzen dira. Jaitsiera horrek biztanleria ezkongabearen igoera ekartzen du, zehazki, aipatutako Arabako eskualdeetan eta Debabarrenean. Arabako Kantaurialdean, Bilbo Handian eta Durangaldean ere biztanleria alargunaren eta/edo dibortziatuaren edo bananduaren igoera izan da.