Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 2022ko uztailaren 1ean, 2.191.613 biztanle daude; alegia, 5.096 pertsona gehiago, urtarrilean baino, Eustaten datuen arabera.

Hala, eta ildo horretatik jarraituz, Euskal Estatistika Institututik jakinarazi dutenez, azken bi urteetako joera aldatu egin da, orduan biztanle kopurua murriztu egin baitzen eta 13.194 pertsona gutxiago baitziren (6.682 gutxiago 2021ean eta 6.512 gutxiago 2020an).

Hiru lurralde historikoetako biztanle kopuruak gora egin du 2022ko urtarrilaren eta uztailaren artean. Igoera handiena termino absolutuetan Bizkaian izan da, zeinak 1.141.407 biztanle baititu eta urtarrilaren 1ean baino 2.198 bizilagun gehiago. Ondoren, Gipuzkoan; bertan 718.109 bizilagun daude, urtarrilean baino 1.493 gehiago. Arabak 332.097 biztanle ditu eta kopuruak bertan ere gora egin du; 1.405 gehiago dira. Hala ere, ehunekoei dagokienez, Araba da gehien hazi den lurraldea (% 0,42) eta, ondoren, Gipuzkoa eta Bizkaia (% 0,21 eta % 0,19, hurrenez hurren).

Euskal AEko hiriburuek ere biztanleria berreskuratu dute, batez ere Gasteizek, zeinak 1.359 biztanle gehiago baititu urte-hasieran baino; Bilbon, berriz, 840 pertsona gehiago dira eta Donostian 361 gehiago.

Euskadiko biztanleriaren batez besteko adina 45,7 urtekoa izan da, urte-hasieran baino 0,2 urte handiagoa. Sexuaren arabera, gizonek 44,1 urte dituzte batez beste eta emakumeek, 47,2; aldeak jarraitzen du 3 urte ingurukoa izaten.

Lurralde historikoei dagokienez, Arabak jarraitzen du batez besteko adin gazteena izaten (44,8 urte), Bizkaiak altuena (46,2 urte) eta Gipuzkoak biztanleria globalaren adinetik hurbilen dagoena (45,3 urte).

Lurralde historikoetako batez besteko adinak adinen egitura islatzen du. 2022ko uztailean, 65 urteko edo gehiagoko 514.104 pertsona zeuden Euskal AEn; alegia, 7.508 pertsona gehiago sei hiletan. Talde horri lurralde guztien % 23,5 dagokio, Arabako biztanleriaren % 22,1, Gipuzkoakoaren % 23,3 eta Bizkaikoaren % 23,9.