Kontziliazioa. Hitz horrek zailtasun ugari sortzen dizkie oraindik pertsona askori, bereziki emakumeei.
Hala, nabarmentzekoa da Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren pertsonen % 28,1ek zailtasun handiak dituela lana eta adingabeko seme-alabak zaintzeko. Eta % 28,9k dio zailtasun maila bera duela mendekotasuna duten pertsonei laguntzeko orduan. Era berean, zailtasun maila handi hori landunen % 24k ere hautematen du, lana eta jarduera pertsonalak bateratzeko. Hau da, biztanleriaren ehuneko handi batek ez ditu aisia eta laneko erantzukizunak ondo uztartzen. Hala, generoaren ikuspegitik, nabarmendu behar da gizonek eta emakumeek zailtasun handia ikusten dutela lana eta seme-alaben zaintza uztartzeko orduan, eta ehunekoa % 30ekoa da emakumeen kasuan, eta % 26,2koa gizonen kasuan. Seme-alaben eta mendeko pertsonen zaintzan egunean ematen den denborari dagokionez, desberdintasunak daude gizonek eta emakumeek erabilitako denboraren artean.
Hala, etxetik kanpo lan egiten duten eta 15 urtetik beherako seme-alabak dituzten emakumeek egoera berean dauden gizonek baino 1,1 ordu gehiago ematen dituzte egunean, batez beste, haien zaintzan (4,7 eta 3,6 ordu, hurrenez hurren). Gainera, emakumeen erdiek baino pixka bat gehiagok, % 53,1ek, 5 ordu edo gehiago ematen dituzte egunean adingabeak zaintzen, eta gizonen kasuan ehunekoa laurdena da (% 29,8); hiru gizonetik batek (% 33,5) 2 ordu edo gutxiago ematen dituzte seme-alaben zaintzan.
Era berean, landunek haien kargura dauden mendekoak zaintzen ematen dituzten orduei dagokienez, batez beste, emakume landunek 0,6 ordu gehiago ematen dute egunean gizonek baino (2,3 eta 1,7 ordu, hurrenez hurren). Etxeko lanen banaketa Euskal AEko gizon eta emakume landunen artean ere desberdina da: zortzi gizonetik ia batek –% 12,3– 3 ordu edo gehiago ematen ditu lan horietan; emakumeen kasuan, ehunekoa % 26,7 da, bikoitza baino pixka bat handiagoa. Zaintzetan eta etxeko lanetan egunean ematen duten denborari dagokionez, gizon eta emakumeen arteko aldeak, 2022an, balio minimoetara iritsi dira, eta 0,5 ordukoak dira etxeko lanetan (duela 10 urte baino 0,3 ordu gutxiago), 1,1 ordukoak seme-alaben zaintzan (0,6 ordu gutxiago) eta 0,6 ordukoak mendekoen zaintzan. Azken zaintza horretan murriztu da gehien eta, ondorioz, 2022an, aldea duela 10 urte baino ia ordubete gutxiagokoa da (0,9 ordu gutxiago).