Gaur, asteartea, maiatzak 16, eta osteguna, maiatzak 18, bitartean, Lituaniako Poliziaren ordezkaritzak truke bat egingo du Ertzaintzarekin, euskal poliziaren egitura, antolaketa eta eginkizunak ezagutzeko. Gaurtik hasita Ertzaintzaren Erandioko instalazio nagusiak bisitatuko dituzten ordezkariak dira: Aušrą Dovydėnienę, Lituaniako Arlo Kriminaleko Poliziaren Bulegoko Jardueren Koordinazio Batzordeko aholkularia; Reda Preikšienė, Lituaniako Arlo Kriminaleko Poliziaren Bulegoko Jardueren Kontrol eta Koordinazio Batzordeko Koordinazioko eta Kontroleko burua; eta Valdas Klišauskas, Lituaniako Arlo Kriminaleko Poliziaren Bulegoko Jardueren Koordinazio eta Kontrol Batzordeko Inteligentzia Kriminalaren Koordinazio eta Kontrol Unitateko burua.

Lituaniako ordezkaritzak gaur, asteartea, aurrez aurre jasoko du Ertzaintzako sekzio nagusiei buruzko informazioa, Ikerketa Kriminaleko eta Polizia Judizialeko Burutzak lagunduta. Besteak beste, informazio-teknologien arloko delituen, delitu ekonomikoen, ondarearen aurkakoen eta krimen antolatuaren, pertsonen, ingurumenaren eta urbanismoaren aurkako delituen eta trafiko-istripuak berreraikitzeko sekzioak ezagutuko dituzte.  

Bihar, asteazkena, lankidetza eta koordinazio polizial eta judizialeko gaiak landuko dituzte, bai eta ikerketako pertsonalaren formakuntzari eta Inteligentzia Bulego Nagusiari buruzkoak ere.  

Ostegunean, azkeneko egunean, Ertzaintzaren Polizia Zientifikoa eta honek Erandioko basean dituen sailak eta laborategiak bisitatuko dituzte.