Tesi batek ikertu du nola egin aurre adinkeriari Erizaintzeko ikasleetan
Batirtze San Martínek aztertu du ea graduko ikasgai bat eraginkorra den adinekoekiko estereotipo negatiboak eta aurreiritziak murrizteko
Sarritan, adinari egozten dizkiogu beste kausa batzuen ondorio izaten diren zenbait gaitz. Adinekoekiko ditugun aurreiritziak dira, eta ondorio okerrak ateratzera eta haiekin dugun interakzioan modu desegokian aritzera garamatzate. “Osasunaren kudeaketaren kasuetan, jarrera horrek ondorio larriak ekar ditzake, hala nola diagnostiko gutxiago egitea eta behar diren tratamenduak ez ematea”, Ana Belén Fraile Erizaintzako irakasleak azaldu duenez. “Hori dela eta, posible da, besteak beste, tumore bat edo depresio bat ez diagnostikatzea, behar diren probak ez egiteagatik. Bereziki garrantzitsua iruditzen zaigu osasun zientzietako ikasleak, eta zehazki Erizaintzako ikasleak, horretaz jabetzea, haiek baitira pazienteekin –horietako asko adinekoak– etengabeko kontaktuan daudenak. Adinkeriazko estereotipoak eta aurreiritziak baditugu, gure jokabideak ere halakoxeak izateko arriskua dugu”, ohartarazi du Frailek.
Erizaintzako bigarren mailan “Bizi Zikloa II” irakasgaia dute; bertan, ikasleek geriatria eta gerontologia ikasten dituzte, bai eta kolektibo horren ezaugarri espezifikoak ere. Maila horretan, ikasleek, eskolez gain, praktikak ere egin dituzte zentro soziosanitarioetan, eta haietan adineko pertsonekin aritzen dira. “Gure ikasleak kontzientziatzen saiatzen gara, askotan, pentsatu gabe, adineko pertsonekiko jarrera negatiboak izan ditzakegula –horrek erizaintza eraginkorra izatea zailtzen du– eta, garrantzitsuena, hori ekiditen ikas daitekeela”, esan du Frailek.
Batirtze San Martín Erizaintzako irakasleak aztertu du nola eragiten duten ikasleengan Bizi Zikloa II irakasgaiak eta praktika klinikoak, bai eta hura egin ondoren estereotipo eta aurreiritzien karga hobetu, okertu edo bere horretan mantentzen den ere. Ikerketa hori izango da bere tesiaren oinarria. Ana Belén Fraile irakaslea ari da zuzentzen.
Ikerketa egiteko, bi ikasle talde hautatu zituen: lehen taldeko kideek (Erizaintzako 113 ikasle) “Bizi Zikloa II” irakasgaia egin zuten eta praktikak egin zituzten zentro soziosanitarioetan; bigarrenekoek (Medikuntzako graduko 109 ikasle) ez zuten ikasgai hori eduki, ez eta antzeko besterik ere, eta ez zuten praktika klinikorik egin. Proben hasieran, parte hartu zuten bi taldeetako kideek estereotipo negatiboen eta aurreiritzien antzeko maila zuten; baina, maila amaitzean, Erizaintzako ikasle taldean nabarmen murriztu ziren adinekoekiko estereotipo negatiboak eta aurreiritziak. Aldiz, Medikuntzako ikasleen artean, ez zen aldaketa nabarmenik ikusi.
Marta Sastre, Endika Ezquerra, Koldo Berganzo eta Patricia Revilla Erizaintzako bigarren mailako ikasleak dira, “Bizi Zikloa II” irakasgaia amaitzen ari dira eta dagoeneko egin dituzte praktikak adineko pertsonekin zentro soziosanitarioetan. Lauek gauza bera diote: “Oso esperientzia aberasgarria izan da”.
Temas
Más en Sociedad
-
Un incendio en un avión en el aeropuerto de Palma deja 18 heridos leves
-
Cae una red de contrabando de tabaco que movía cajetillas valoradas en 8,8 millones de euros
-
Dos turistas mueren embestidas por un elefante durante un safari en Zambia
-
Varias explosiones provocan un incendio en una fábrica de baterías de litio de Guadalajara