Ertzaintzak hiru gizon atxilotu ditu Zarautzen, udalerri horretako aisialdi-gune baten inguruan indarkeriaz egindako lapurreta batean ustez parte hartzeagatik. Biktimari lepoko kate bat lapurtu ostean, liskar bat hasi da hainbat pertsonaren artean, eta gutxienez hiru zauritu arin izan dira.

Gertakariak gaur, igandea, goizaldeko hiru eta erdiak aldera izan dira, Zarauzko aisialdi-gune batean. Ertzaintzaren patruilak prebentzio-lanak egiten ari ziren Arma Zuriak eta Objektu Arriskutsuak Erabiltzeko Prebentzio Plan Bereziaren esparruan, eta horietako bati gizonezko batek laguntza eskatu zion, minutu batzuk lehenago indarkeriaz egindako lapurreta baten biktima izan zela esanez.

"Egindako lehen ikerketen arabera, biktima aisialdiko lokal baten barruan zegoen. Orduan, gizon bat hurbildu zitzaion eta lepoan zeraman katea lapurtu zion, tirakada bidez eta, ondoren, eraso egin zion. Susmagarriak ihes egin zuen eta biktima lokaletik atera zen, ustezko erasotzailearekin eta berarekin zeuden beste hainbatekin topo eginez". "Orduan hasi zen liskarra, eta erasotzaileek botilekin kolpatu eta zauritu zituzten bai ustezko lapurretaren biktima, bai haren ondoan zeuden beste bi pertsona. Hiru zaurituak osasun-langileek artatu behar izan zituzten, kolpeak eta azaleko ebakiak baitzituzten", gaineratu dute Eusko Jaurlaritzatik.

Patruilak gertakarien lekura iritsi zirenean, agenteek hiru gizon identifikatu ahal izan zituzten. Haien deskribapenak bat zetozen biktimek eta lekukoek emandakoekin eta, hortaz, atxilotu egin zituzten. Hiru arrastatuak ikertzen ari dira, ustez, indarkeriaz egindako lapurreta eta lesio delituak egotzita. Gainera, horietako bati hirugarren delitu bat gehitu zario, Agintaritzaren Agentearen aurkako atentatua hain zuzen ere.

Atxilotuak, 18, 21 eta 24 urteko hiru gizon, Ertzain-etxera eraman zituzten eginbideei hasiera emateko, eta Azpeitiko Guardiako Epaitegiaren esku utziko dituzte izapideak amaitutakoan.