Ertzaintzako agenteek lau gazte atxilotu dituzte gaur, igandea, goizaldean Donostian, portuko bi segurtasun-zaintzailek jasandako talde-eraso batean parte hartu dutelakoan. Biktimak ospitalera eraman behar izan dituzte hainbat kontusiorekin. Ikerketak zabalik jarraitzen du, gainerako inplikatuak identifikatzeko.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak azaldu duenez, gaur goizaldeko ordu bata aldera, Donostiako Alde Zaharrean poliziaren presentzia eskatu dute, zenbait pertsonak bi segurtasun-zaintzaileri eraso egiten zietelako. Inguruan zegoen herritarren babeserako patruila bat berehala bertaratu da, eta portuko bi segurtasun-arduradunekin harremanetan jarri da, hainbat kolpe baitzituzten.
Salatu dutenez, hainbat gaztek eragin zituzten lesioak, itsasontzien kontra botilak jaurtitzen ari zirelako. Antza denez, une horretan taldea erasotzen hasi zitzaien ostikadak eta ukabilkadak emanez, lurrera bota arte. Ihes egin aurretik, gomazko defentsaren bat eta girgiluak lapurtu zizkieten.
Bi zaintzaileak Donostia ospitalera eraman behar izan dituzte, zauriak artatzeko. Jarraian, ingurua miatu dute, eta lau gazte aurkitu dituzte, guztiak adingabeak, ustez erasoan inplikatuak.
"Beharrezko egiaztapenak egin ondoren, susmagarriak atxilotu eta ertzain-etxera eraman dituzte, beharrezko eginbideak egiteko, eta, ondoren, Adingabeen Fiskaltzaren esku utzi dituzte", azpimarratu du Ertzaintzak.
Ikerketak zabalik jarraitzen du, delitu-ekintza horretan inplikatutako gainerakoak identifikatu ahal izateko.