Sonia Díaz de Corcuera Trafikoko zuzendariak gaur aurkeztu du Aste Santuko operazio berezia Lopidanako Zerbitzugunetik (A-1ean), eta 2022ko desplazamendu-kopurua baino zertxobait handiagoa aurreikusten da, baldin eta eguraldiak laguntzen badu. Euskalmeten iragarpena ikusita, prezipitaziorik ez dela izango iragarri baitu, Euskadin sartzeko 522.000 bat joan-etorri eta Euskaditik irteteko beste hainbeste espero dira. Joan den urtean batez beste 515.000 joan-etorri erregistratu ziren sartzeko eta irteteko.

Berrikuntza nagusi gisa, aipatu behar da irteera-operazioko egun horietan Itzulia Gipuzkoatik eta Bizkaitik igaroko dela (gaur Errenteriatik Villabonara eta bihar Santurtzitik), eta horrek eraginak izango dituela zirkulazioan. Bestalde, aurreikusten da gaur arratsaldean irekiko dela AP-68rekin lotzeko Metropoli Hegoaldeko Saihesbidea (Supersur deitzen dena), eta horrek arindu egingo duela A-8ko trafikoa. Joan den urteko Aste Santuan bi pertsona hil ziren trafiko-istripuetan Euskadin; biak ere hiri barruko istripuak izan ziren, eta ez zuten, beraz, zerikusirik izan Operazio Bereziarekin. Hala ere, 2019tik ez zen halakorik gertatu, eta urte horretan beste bi pertsona hil ziren istripuan.

Egun hauetako istripuen kopuruak beheranzko joera jarraitzen zuen 2012tik (123rekin), eta 2019an 87 izan ziren eta 2020an 23 (urte atipikoa izan zen pandemiak eragindako murrizketen ondorioz). Baina 2021ean 101 istripu izan ziren eta 2020an 80ra jaitsi ziren istripuak.Aurten ere, Díaz de Corcuerak zuhurrak eta arduratsuak izateko deia egin die gidariei, istripuei aurrea hartu ahal izateko. Zuzendariak nabarmendu duenez, Eusko Jaurlaritza Zero Biktima izateko helburuarekin ari da lanean, bai Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Seguru eta Iraunkorrerako 2025 Plan Estrategikoan bai Bide Segurtasunaren Aldeko Euskal Itunean hartutako konpromisoen esparruan.