Ertzaintzak, Euskadiko udaltzaingoekin lankidetzan, gidariei zuzendutako prebentziozko alkohol- eta droga-kontrolak indartuko ditu apirilaren 4tik 10era bitartean, biak barne, Aste Santuarekin bat etorrita.
Bide Segurtasunari buruzko Legeak eta Zirkulazio Araudi Orokorrak jasotzen dutenez, agintaritzak edo agintaritzako agenteek prebentziozko alkoholemia-kontrol bat egitea eskatzen badiote gidari bati, gidari horrek nahitaez egin beharko du kontrola. Proba egiteari uko egiten badio, bide-segurtasunaren aurkako delitua egotzi ahal izango zaio. Sonia Díaz de Corcuera, Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariaren arabera: “Joan-etorri asko izaten diren egunetan bereziki da garrantzitsua ahalmen guztiak erabiliz gidatzea. Egiaztatuta dago, alerta egoteko eta erreakzionatzeko gure gaitasuna murriztu egiten duela alkohola edo drogak kontsumitzeak, eta horrek istripu larriak eragin ditzake”. Alkoholemia-kontrolean airea botatzea eskatzen duten bi proba egiten dira, eta proba batetik bestera gutxienez 10 minutu utzi behar dira. "Probaren emaitza positiboa bada, berriro egin ahal izango da proba –interesdunak eskatuta edo epaileak aginduta–, emaitzak alderatze aldera. Osasun-langileek egingo dute bigarren proba hori eta, ahal dela, odol-analisiaren bidez (behar bezala justifikatutako salbuespenezko kasuetan izan ezik)", gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak. "Proban emaitza positiboa emanez gero, arau-hauste administratibo oso larritzat joko da, eta 500 euroko zehapena ezarriko da eta gidabaimeneko 4 puntu kenduko dira emaitza 0,50 mg/l-koa edo txikiagoa bada, eta 0,50 mg/l-koa baino handiagoa eta 0,60 mg/l-koa edo txikiagoa bada, 1.000 euroko zehapena jarriko da eta 6 puntu kenduko dira", ondorioztatu du.