Udan gehien behar duten haurrak etxean hartuta haur horiek salba daitezke, eremu guztietan. Beste behin ere, erakunde publikoek beren ahaleginak batu dituzte, herritarrei horren garrantzia gogorarazteko.

Hala, Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak, saharar haurrei Arabako familietan harrera emateko elkarteak (Afanis) eta Fronte Polisarioak Euskadin duen ordezkaritzak Oporrak bakean-Vacaciones en paz programa aurkeztu dute gaur goizean. Erakunde antolatzaileek dei egin diete Arabako familiei Saharako kanpamentuetako umeak har ditzaten uda honetan. 

Ildo beretik,  programaren aurtengo edizioa aurkeztu dute elkarrekin prentsaurrekoan Ainhoa Campok, Aitor Gabilondo Gasteizko Udaleko Garapenean Laguntzeko Zerbitzuaren arduradunak, Estibaliz Barrio Afanis elkarteko lehendakariordeak eta Jadiyetu El Mohtar Fronte Polisarioko ordezkariak. Aitor Gabilondo Gasteizko Udaleko Garapenean Laguntzeko Zerbitzuaren arduradunak azaldu du Afanisek ondo ezagutzen duela kanpamentuetako familien errealitatea, eta, horregatik, gai da harrera familiei aholku egokiak emateko eta Saharako agintariei haurrak hartzeko eskatzen diren baldintzak ezartzeko. “Erakundeok, bestalde, esperientzia ilusioz bizi duten familiak egokiak izatea zaintzen dugu”. 

Afanis elkarteko lehendakariorde Estibaliz Barriok azaldu duenez, “haur horiek Saharako errefuxiatuen kanpamentuetan bizi dira urte osoan, Saharako basamortuan, Hamada Argelina deritzon gune batean, bizitzeko lekurik gogorrenetako batean, gabezia handiko egoeran eta behartuta erbesteraturik 1975. urteaz geroztik. Programak atseden eman nahi die, udako hilabeteetan Saharako basamortutik irten ahal izan daitezen; izan ere, udan 55 gradutik gorako tenperaturak jasaten dituzte. Gure lurraldean igarotzen dituzten bi hilabete horiek funtsezkoak dira gero etxera osasun hobearekin eta indarberriturik itzul daitezen, eta aukera izan dezaten urtearen gainerako zatiari indar handiagoarekin aurre egiteko”.