2022ko hirugarren hiruhilekoan, Euskal Autonomia Erkidegoan 6.015 heriotza izan ziren, aurreko urteko aldi berean baino % 8,4 gehiago, Eustaten datuen arabera. 2022ko urtarriletik irailera, metatuan, 18.229 pertsona hil dira, 2021ean baino % 7,5 gehiago. Abuztuan eta irailean heriotzak % 0,5 eta % 2,9 jaitsi ziren, hurrenez hurren, aurreko urteko hilabete berberen aldean. Beraz, hiruhileko horretako emaitza osoa uztailean hilkortasuna ia % 30 igo zelako izan zen. Bestalde, Covid-19ak 367 heriotza eragin zituen guztira hiruhilekoan, % 32 gehiago 2021eko hilabete berberen aldean.

Hala, Euskal Estatistika Erakundea Eustaten arabera, heriotzek hiru lurraldeetan egin zuten gora, eta bereziki esanguratsua izan zen Araban izaniko igoera, % 11,5ekoa, 755 heriotza. Hiru hilabeteetan heriotza-tasak gora egin zuelako gertatu zen igoera Araban: uztailean % 24,9, abuztuan % 8,9 eta irailean % 1,4. Bizkaian, igoera % 9,2koa izan zen hiruhilekoaren guztirakoan (3.324 heriotza); uztailean % 38,9koa izan zen igoera, eta abuztuan eta irailean % 3,9 eta % 5,1ekoak jaitsierak, hurrenez hurren. Gipuzkoan igoera apalagoa izan zen hiruhileko horretan, % 5,9, 1.936 heriotza alegia; uztailean % 16,6 igo ziren, eta abuztuan % 1,9; aitzitik, irailean % 0,8ko jaitsiera izan zen.

Sexuen arabera, 3.107 emakume eta 2.908 gizon hil ziren, hau da, % 13,6ko igoera emakumeen kasuan eta % 3,3koa gizonen kasuan.

Bigarren hiruhileko horretan izandako heriotzen artean, 8 heriotza urtebetetik beherakoenak izan ziren (% 0,1) eta 109 heriotza ehun urtetik gorakoenak (% 1,8).