Euskaraldiaren hirugarren edizioa bihar abiatuko da, eta horrekin batera, 15 egunez euskaraz aritzeko konpromisoa ere. Hitzez ekiteko garaia lelopean, abenduaren 2ra arte belarriprest eta ahobizi dioten txapez beteko dira Euskal Herriko kaleak.

Hirugarren edizioa pandemiaren osteko lehena izateak aurtengoa berezi bihurtzen duela dio ekimenaren koordinatzaile Goiatz Urkijok: “Hirugarrena benetan izango da Euskaraldiaren edizioa, inflexio puntua izango da, benetan ekimena aurrera eramateko baldintzak eskainiko diguna”. 

Izan ere, koordinatzailearen aburuz, jendeak jadanik badaki zer den Euskaraldia, “eta ez dela euskararen aldeko kanpaina bat baizik eta aurrerapausoak eskatzen dizkigun ariketa sozial masibo bat”. 

Gauzak horrela, “pandemia ostean jendea gogotsu” dagoela dio Urkijok, “gauza berriak egiteko, elkarrekin egoteko”, eta horregatik hain zuzen ere, “uste dugu garai onean datorrela, eta jendarteak erantzun positiboa emango diola”. 

Ahobizi eta belarriprest rolei dagokienez, oraindik ere gaitasunarekin lotzen direla dio Urkijok: “Pedagogia egiten jarraituko behar dugu. 15 egun horietan hartuko dugun konpromesuarekin du zerikusia, ez dira ahobizi euskaldun zahar, eta belarriprest euskaldun berriak”.

Era berean, Euskaraldiko koordinatzaileak azpimarratu du aurten, alde kualitatiboan jarri nahi dutela azpimarra. Hala ere, datuek ere beren garrantzia dute; “eraginkorra izateko, arrakastatsua, masibotasuna behar baitu ekimenak”, koordinatzailearen hitzetan. 

Hor dago hain zuzen ere “Euskaraldiaren arrakastarako gakoetako bat”. Eta arrazoia argia da: “Bi astez babesgune erraldoi bat sortzen du ekimenak Euskal Herri osoan, milaka ahobizi, belarriprest eta ariguneekin. Estres linguistiko hori alde batera uzteko masibotasuna behar dugu”, Goiatz Urkijoren hitzetan. 

‘Eraginkorra’ 

Lehenengo edizioa eta pandemiaren erdian aurrera eramandako ariketaren ostean egindako ikerketek agerian utzi zuten Euskaraldia benetan eraginkorra dela euskara hauspotzeko. Bai 15 egunez, eta baita horren ondoren ere. 

“Euskararen presentzia eta erabilera hazi egiten da ekimenaren bi asteetan, eta ostean ere, hiru hilabetera Euskaraldiak eragina izaten jarraitzen zuela eta erabilera hasieran baino handiagoa zela ondorioztatu zen. Lehenengo bi edizioetan posoa utzi zuen Euskaraldiak”. Hala adierazten du Urkijok, zeinak aurtengo edizioan ere bide hori jarraitzeko helbura markatzen duen.

“Zifrak alde batera uzten saiatu gara eta eremu kualitatiboan fokua jartzen, Euskaraldia eraginkorra dela erakutsi nahi baitugu. Jendeak lorpenak ikustea nahi dugu, aurreko edizioetan lortutakoak erakutsi, eta eraginean fokua jarri”. Eta hori da hain zuzen ere aurtengo leloaren esanahia: hamabost egunez hizkuntza ohiturak astintzea; Hitzez ekiteko garaia baita.

Gauzak horrela, Euskaraldiak bere mugak ere badituela azaltzen du Urkijok. Izan ere, ariketa masiboa da, Euskal Herri osora hedatzen dena, “baina aldi berean eten muga bat dauka, 15 egun, iraupen mugatua du”. Hala ere, helburuetan, lortu beharrekoetan, jartzen du azpimarra: “Garrantzitsuena egun horietan lortutakoa, aldatutako inertziak 16.egunetik aurrera mantentzea da. Hurrengo 365 egunetara luzatzeko gonbidapena egiten duena”, amaitzen du koordinatzaileak.