- Aisialdian eta hezkuntzan euskarazko eskaintza urria da. Hala ondorioztatu du Hizkuntza Eskubideen Behatokiak, zeinak esparru horietan ematen diren hizkuntza eskubideen urraketak azpimarratzen dituen. Izan ere, Garbiñe Petriati teknikariaren hitzetan, “Behatokitik egiaztatu dugu zerbitzu horietan euskarak gero eta espazio gutxiago izaten duela nabarmentzen dute herritarrek, eta lege-betebeharra dagoenetan ere, euskarazko arreta eta zerbitzuak jasotzea gero eta zailagoa izaten dela. Gaztelania eta frantsesaz gaindi, eremu hauetan ingelesak ere euskarak baino toki nabariagoa hartzen baitu hainbat arlotan”.
Bestalde, aisian euskarazko eskaintza falta edo euskarazko eskaintza urriagoa izateak “herritarren kontsumo ohituretan eragin dezake eta, etorkizunari begira, txiki eta gazteei bideratutako eskaintza zein mezuekiko kezka nabaritu zen” gaineratu zuen Behatokiko teknikariak.
Era berean, eremu hauetan “inongo lege-betebeharrik izan gabe, beraien determinazioz euskarazko zerbitzua eskaintzeko ahalegina egiten duten enpresa eta entitateak eskertzen jarraitzen dute herritarrek, zerbitzuaren kalitatea eta herritarrekiko begirunea nabarmenduaz” azaldu zuen Petriatik, Behatokiak jasotako zoriontzeak eta esker onak balioan jarriz.
Beste alde batetik, Hezkuntzaren alorrean, “euskaraz ikasteko oztopoek bere horretan” jarraitu zuten 2021ean ere. Murgiltze ereduan dauden arazoak azpimarratu zuten Behatokiko arduradunek, izan ere “Nafarroa zein Ipar Euskal Herriko sistema publikoan euskarazko murgiltze ereduak dituen lege mugez gain, haur eskola, lanbide heziketa edo unibertsitateetan euskarazko eskaintzafalta egoteak, erabat baldintzatzen baititu herritarrak”.
Estatuetako administrazioen kasuan, herritarren kexek gora egin zuten arren, herritar asko administrazio hauetako zerbitzuak gaztelaniaz edo frantsesez jasotzera ohitu dira. Gainera, administrazio horiekin “euskara erabili nahi izateak sortzen dizkien albo-kalte ondorioak” nabarmendu dituzte herritarrek. /