- Ana Urkiza idazlea izango da Eusko Ikaskuntzaren lehendakari berria ezusterik egon ezean, bera baita aurkeztu den hautagai bakarra. Erakunde zientifiko-kulturalak larunbatean egingo duen Batzar Nagusian aukeratuko du hurrengo lau urteetan izango duen ordezkari nagusia, eta baita kontseilu errektoreko kide berriak. Aurrenekoz hartuko du emakume batek erakundearen lehendakaritza, zortzi urtez karguan egon den Iñaki Dorronsororen lekua hartuz. Bilera 11.00etan hasiko da, eta ohiko gaiez gain, kargu eragile berriak hautatuko dira. Honakoan, osasun egoera dela eta, bilkura aurrez aurre jarraitu ahal izango da erakundeak duen Donostiako egoitzan eta, aldi beran, sarean emango da.
Ana Urkizak (Ondarroa, 1969), Gizarte eta Informazio Zientzietan Lizentziatua EHUn eta Linguistikan diplomatua UNEDen, Barne Komunikazio Departamentua eta Giza Baliabideen Zuzendaritza daramatza Bankoa Crédit Agricolen 2007tik. Deustuko Unibertsitatean Komunikazioa irakatsi du. 2004tik 2006ra Euskal Idazleen Elkarteko Idazkari Kudeatzaile izan zen. Aurretik komunikazioaz arduratu zen Danobat Taldean eta Ideko Teknologia Zentroan. Jaurlaritzako Euskararen Aholku Ba-tzordeko kide izateaz gain, 2016an Elhuyar Saria jaso zuen, enpresetan euskararen alde egindako lanagatik.
Sortzaile gisa, Ana Urkiza ipuin, poesia, aforismo eta haur eta gazte literatura liburuen egile da; gainera, biografia eta itzulpena ere landu ditu. Zenbait literatura sari jaso ditu idazle lanengatik. Era berean, komunikabideetan eta espezializatutako aldizkarietan kolaborazioak egiten ditu.
Ana Urkiza buru duen hautagai-tzak aurkezten duen programak azken urteotako Eusko Ikaskuntzak egindako lana hartu du abiapuntu, bai eta AMIA (Aukera, Mehatxu, Indargune eta Ahulezia) azterketa ere. "Ehun urteko ibilbidea, nortasuna eta misioa betetzen jarraitzeko indartu behar diren alderdietatik abiatuta, datozen lau urteetarako aurkeztu duten programaren helburua Eusko Ikaskuntza Euskal Herriko gizarte eta erakundeak inplikatuko dituen herri estrategia bat garatzeko erreferente nagusi gisa bultzatzea da", argitu du erakundeak.
Modu horretara, lau ildo estrategiko izango dira Eusko Ikaskuntzaren itsasargi erreferentzialtasun hori lor-tzeko bidean: lan agenda propioa definitu eta egitea, goi mailako proiektuak egitea, aliantza estrategikoen bidez harreman sarea zabaltzea bai Euskal Herrian bai Europan ere eta, azkenik, euskal lurraldetasuna indartzea herri ikuspegia zabalduz eta lurralde guztietan bateraturako agenda egitea. Aipatutako ildo estrategikoak zeharkako ekimen hauekin batera aplikatuko dira: gazteen partaidetza eta ahalduntzea bultzatzea, bazkideen partaidetza eta ekarpenak sustatzea, erakundeen posizionamendurako estrategia ezartzea, barne gobernantza eredua indartzea eta finantza iturriak egonkortu eta berriak bultzatzea.
Batzar Nagusian azken urtean egindako ibilbidea azalduko da eta 2020rako jarduera plana eta aurrekontua bozkatuko da. Gainera, estatutuak egokitzeko beharra dakarten zenbait aldaketa ere bozkatuko dira. Lehendakaria aukeratzeko bilera berdinean Kontseilu Errekoreko ordezkariak aukeratuko dira. Eguzki Urteaga (Ipar Euskal Herriko kontseilukidea), Isabel Elizalde (Nafarroako kontseilukidea), Zelai Nikolas (Bizkaiko kontseilukidea), Manu Olariaga (Gipuzkoako kontseilukidea) eta Asier Etxenike (Arabako kontseilukidea) dira hautagaiak.
Lehendakaria eta kontseilukideak aukeratzeko prozesuan hauteskunde erroldan daudenek eta 2019ko kuota ordaindu dutenek parte hartu ahal izango dute. Egungo osasun egoeraren ondorioz, edukiera mugatua izango da. Hortaz, aldez aurretik bertaratzeko asmoa ote dagoen adieraztea eskatzen da, eta erraztu da on line parte hartzeko aukera. Beraz, delegazio bidez bozkatzeko egokitasuna nabarmendu du erakundeak bere web orrialdean eskainitako xehetasunen arabera. Batzarra hasi baino ordubete lehenagora arte egin ahal izango da.
Larunbatean Eusko Ikaskuntzak Donostian duen egoitzan ospatuko da Batzar Nagusia, 11.00etan.
Lehendakaria
Hurrengo lau urteetan lehendakari lanetan arituko den ordezkaria hautatuko da. Ezusterik egon ezean Ana Urkiza, hautagai bakarra, izango da Iñaki Dorronsororen lekua hartuko duena.
Kontseilua
Lurralde bakoitzeko kontseilukide bat hautatuko da bilera berdinean: Eguzki Urteaga (Ipar Euskal Herria), Isabel Elizalde (Nafarroa), Zelai Nikolas (Bizkaia), Manu Olariaga (Gipuzkoa) eta Asier Etxenike (Araba).